Basque Culinary Centerren egin duzue aurten MUren ikasturte hasierako ekitaldi ofiziala. Urtebete da Gastronomia Zientzien Fakultatea abian jarri zenutela. Ze balorazio egiten duzue?
Oso ona. Hasierako aurreikuspenak, erronkak, betetzen ari dira. Iazko helburua 70 ikaslerekin hastea zen, eta lortu egin genuen, aise; baina bigarren erronka izaten da zailena, eta hori ere gainditu dugu, ze ikasturte berrian 100 ikaslerekin hastea baitzen, eta lortu da, aukeraketa eginda, gainera. Urtero-urtero 100 ikasle berrirekin hastea da helburua, eta ez da erronka makala, kontuan izanda ikasle gehienak kanpotik datozela. Gaur egun, 100 ikasletik 25 Euskal Herritik datoz; beste 50 Espainiatik eta gainerako 25ak munduko beste bazter batzuetatik.
Nondik datoz, bereziki?
Hego Amerikatik eta Ertamerikatik. Perun-eta, esaterako, goi mailako sukaldaritza egiten da.
Oihartzuna izan du fakultate berri honek munduan?
Garrantzitsua, egia esan. Baina gauzak ez dira errazak izan, lan handia egin behar izan da. Hemen sukaldari handiak ditugu, eta ezagutzen ditugu, baina munduan asko eta oso goi mailakoak ere badaude, eta haiekin harremanak sendotu ditugu. Horretan lan handia egin du Jose Mari Aizega dekanoak. Hark izan zuen bisioa gure Gastronomia Fakultatea mundura zabaltzeko eta, munduko sukaldari handiekin elkarlanean jardunez, bertara erakartzeko. Esatea errazagoa da egitea baino. Eta egitea lortu du. Munduko hamar sukaldari onenenetakoak konbentzitu, proiektua barneratu, ilusioa piztu haiengan, hori guztia elikatu…
Ze eman dio MUri Basque Culinary Centerrek?
Beste ezaguera alor bat, beste fakultate bat. Guk bost ezaguera arlo ditugu orain. Teknologian, hezkuntzan, kudeaketan… aritu gara beti; orain, gastronomian ere bai. Eta, mediatikoki, izena eman digu, ze sukaldaritzak, gaur egun, izen, ospe, oihartzun handia baitu. MUrendako oso garrantzitsua da Gastronomia Fakultatea, munduan ezaguna izateko, izen bat lortzeko. Ezagutzen ez bazaituzte, ez zara existitzen…
Joan den urtean goi mailako Gastronomia Zientzien Fakultatea inauguratu zenuten, eta aurten, Huheziren campus berria, Ikus-entzunezkoen Komunikazioaren eraikin berria, Aretxabaletan…
Bai, halaxe da. Orain, Eskoriatzan Irakasle Eskola geratuko da eta Aretxabaletan Ikus-entzunezkoen Komunikazioa. Beharrezkoa zen, ezinbestekoa, Eskoriatzan tokirik ez geneukalako.
Honekin, aspaldiko asmoak egia bihurtu dira?
Bai, arazoari bueltaka ibili ginen urteetan eta hasierako asmoa zen Eskoriatzan bertan soluzioren bat ematea. Gero etorri zitzaigun Aretxabaletako Udaletik eskaintza. Oportunitatea aprobetxatu genuen eta han gaude, primerako tokian. Oso polita eta erosoa geratu da. Egia esan, Aretxabaletako Udala, aurreko eta oraingo gobernu taldeak, eta teknikariak, oso ondo portatu dira. MU zabaldu egin dugu. Baldintzak betetzen diren heinean, beste herri batzuetara hedatzeko borondatea dauka, gainera, MUk. Debagoienean, herri handienetan, fakultate bat dago, izan gurea edo Uned. Hori oso esanguratsua da.
Bergaran falta MUren bat?
Bere sasoian izan zen saiakera bat. Ez zen atera. Akaso aurrerago… Ez dago ezer aurreikusita, baina berriro diot: zabalik gaude sinergiak aprobetxatzeko, elkarlanean aritzeko eta baldintza egokiak betez gero, gure hezkuntza eskaintza herriarekin, jendartearekin, zabaltzeko.
MUren eskaintza, bereziki komunikazioari lotutakoa, erakargarriagoa da orain?
Dudarik ez, toki berriak, campus berriak, erakargarritasuna handitzen du. Ikus-entzunezkoen beharrei erantzuten dien eraikina da. Eta zerbitzuak ere hobeak dira. Bestalde, bakarrik kokatuta egoteak, campus berezituan, Irakasle Eskolatik aparte, nahiz eta Huheziko parte izan, ematen dio nortasun berezia eta horrek ere egiten du erakargarriago, bereziago. Gainera, Goiena Komunikazio Taldea ere bertara, geure ondora, etortzea nahiko genuke, ze horrek, besteak beste, bereziago egingo bailuke gure eskaintza. Ea laster gauzatzen den hori. Bailaran erreferente den Goiena bezalako proiektu komunikatibo batekiko elkarlana oso-oso aberasgarria da.
Ingeniaritzak Arrasaten eta Ordizian ditu campusak, eta laster Galarretan ere bai, Oronarekin batera.
Bai. Oronak Galarretan eraikitzen diharduen gune berrian kokatuko da MUren beste campus bat, haien egoitza nagusi berrian, ondoan, eta hemen ere elkarlanean. MUk titulu berri bi eskainiko ditu, energia berriztagarrien gainekoak. Eraikin singularra izango da, energia berriztagarriak erabiliko dituena. MUrendako oso garrantzitsua da.
Eta Arrasateko Ingeniaritzan ere bio-medikuntzaren alorrean murgilduko zarete…
Hala da. Horixe datorren urterako beste berritasun bat. Hiru titulazio berri eskainiko ditugu Injinerutzaren alorrean datorren ikasturtean.
Enpresagintzan, ekintzailetasunaren aldeko apustua?
Oñatiko eraikin berriaren aldeko apustu sendoa egin zen duela urte batzuk. Orain oso ondo geratu da, dotore, eta dagokion moduan hornituta; MIK ere han bertan kokatuta. Enpresagintzan ausartak izan ginen duela hiru urte Ekintzailetasunaren gaineko titulua abiatzen. Bakarrak izan ginen eta gara, beste inon ez dagoelako guk eskaintzen dugun moduko titulaziorik. Irungo campusean hasi ginen, baina Oñatin ere eskaintzen dugu. Interesa handia da, mugatua, baina gora doa ikasle kopurua. Gainera, Madrilen eta Holandan ere eskaintzen dugu titulazio hau, MUn matrikulatuta.
Krisiak zelan eragin dio MUri?
Zaila da esatea. Ezin da jakin krisirik egongo ez balitz ze bilakaera izango zukeen MUk. Baina esan dezaket matrikulazioan ez dugula atzera egin, eutsi egin diogu, eta azken ikasturte honetan hazi egin gara nabarmen. Bestalde, krisiak baino gehiago eragin du gure matrikulazioetan jaiotza tasak beherantz egin izanak.
Gurasoek ikasketen aldeko apustu egiten dute, krisiak krisi?
Gurasoek esfortzu berezia egiten dute euren seme-alabak ondo hezteko. Bestalde, esan behar Injinerutzan beherakada igarri genuela, duela urte batzuk, justu, krisiaren aurretik, oparoaldian. Ematen du gauzak ondo doazenean moteldu egiten garela, zailtasunak saihesten ditugula; orain, ostera, berriro ere hazi egin da matrikulazioa Ingeniaritzan, justu, krisia pairatzen ari garen honetan. Krisiak ingeniari izateko eskariak handitu egin ditu. %15 hazi da matrikulazioa alor horretan aurten. Euskal Herrian ingeniariak beharko ditugu, krisi honetatik burua altxatzen hasten garenean. Iaz, 3.600 ikasleren bueltan ginen; aurten, 4.000 ikasleren muga gaindituko dugu MUn.