MU garaile intentsitate handiko eta emozio biziko partiduan (81-75)

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko irailaren 30a

Partidu ederra jokatu zuten zapatuam MU eta Leioako Askartza Claret taldeek. Saskibaloia gustuko ez duenak ere gozatuko luke Iturripen ikusitako lehiarekin. Izan ere, ez zirudien denboraldiko lehen partidua izan zenik; erritmo bizia eta intentsitate handia izan zituen norgehiagokak. Lehia bizia eta emozioa izan ziren nagusi azkenera arte; luzapenean erabaki zen partidua arrasatearren alde, Mikel Arejolaleibaren azken txanpako saskiratzeekin. Merezimendu osoz lortu zuten garaipena arrasatearrek, ligako lehen partiduan. Partidua 66-66 berdindu ostean, 15-9 gailendu ziren luzapenean Larreategiren mutilak.

Etxeko taldeak agindu zuen ia partidu osoan zehar. Arrasatearrak izan ziren erritmoa jarri zutenak, eta markagailuan uneoro joan ziren aurretik. Fisikoki talde indartsuagoa da Askartza Claret baina Josu Larreategiren mutilak azkarrago eta eraginkorrago jokatu zuten.

Hamar puntuko aldea izan arren, Eskoriatzako entrenatzaileak behin baino gehiagotan errepikatu behar izan zien jokalariei lasaiago jokatzeko: "Ikusi nola dagoen markagailua". Orduan igartzen da esperientzia falta; Askartzakoak atzetik joan arren ez zuten burua galdu eta partiduan izan ziren uneoro: "Talde ona da, esperientziaduna. Ziur sailkapeneko goiko postuetan ibiliko direla. Etxean irabaztea lortu dugu, baina ezin gara erlaxatu; halako lehiak irabazteko oso ondo egin behar dugu lan", zioen Larreategik partiduaren amaieran.

Kanpokoen erreakzioa

Laurden guztietan izan ziren garaile arrasatearrak, azken laurdenean izan ezik: 19-16/ 18-15/ 20-18/ 9-17. Zonako defentsara aldatu izana izan zen kanpokoen erreakzioaren gako nagusia, arrasatearren erasoko zenbait huts egiterekin batera. Partiduko azken segundoetan lortu zuten kanpokoek berdinketa, eta luzapenera joan behar izan ziren bi taldeak, arauzko denboran 66-66na berdindu zuten-eta.

Fisikoki hobeto heldu ziren leioarrak, eta hori igarri zen luzapenean. MU Mikel Arejolaleibaren hiruko eder batekin hasi bazen ere, luzapeneko bost minutuetan gehiago izan ziren kanpokoak. Hala ere, Arejo-ren azken saskiratzeek garaipena eman zioten MU-ri. Emozioa barra-barra, benetako saskibaloia. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak