Bertso-saio musikatua emakumeen ikuspuntutik

Usoa Agirre 2012ko irailaren 28a

'Ez da kasualitatea' izenburua jarri diote gaur, egubakoitza, 22:00etan Arrasateko gaztetxean egingo den bertso-saio musikatuari. Unai Muñoa gai-jartzaileetako batek kontatu digun moduan, "ez da kasualitatea taula gainean lau emakumezko eta gizonezko bat egotea; ez dira kasualitatez aukeratu gaiak; ezta lekua ere".

Bertsozale elkartean aspalditik ari ziren bertsolaritza genero ikuspegitik ikertzen. Izan ere, ikusi zuten bertso-eskoletan nabarmen egin zuela emakumezkoen kopuruak gora, baina oraindik plazetan gizonezkoak zirela nagusi. Hausnarketa horietatik abiatuta, era informalean eta lagun artean sortu zen Ez da kasualitatea bertso-saio musikatua egiteko ideia. Euskal Herriko beste herri batzuetan ere izan dira aurretik eta oraingoan Arrasateko gaztetxean egingo dute geldialdia. Onintza Enbeita, Alaia Martin, Jone Uria, Estitxu Eizagirre eta Beñat Gaztelumendi arituko dira bertsotan; Iraia Elias eta Unai Muñoa gaiak jartzen; eta musikari lanak egingo dituzte Iraitz, Hodei eta Eneritzek.

Gaitegi maskulinoari buelta

Taula gainean, ohikoa ez den bezala, emakumeak izango dira nagusi, baina gaitegia ere emakumeen ikuspuntutik egin nahi izan dute. Muñoak azaldu digunez, emakumezko bertsolariek askotan esan dute gaiak oraindik "oso maskulinoak" direla: "Askotan kantatu diogu soldaduskari eta burusoiltasunari, eta gutxitan hilerokoari edo beste jarduera femeninoagoei". Helburua, beraz, saioari forma femeninoa ematea da, bai gaiei dagokienez eta baita filosofian ere.

Gaiak eta ikuspuntua bereziak izango dira, baina baita bertsotan aritzeko modua ere. Izan ere, musika izango dute lagun bertsolariek. Indarra hartzen ari dira aspaldian bertso-saio musikatuak, nahiz eta bertsolariei erronka berri bat gehitu: "Bertsoa pentsatu eta abesteaz gain, musikaren erritmoari jarraitu behar diogu, eta askotan ez da nahi bezala irteten", aitortu digu Muñoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak