Herritarrekin deituriko hitzorduak eskualdeko jende ugari erakarri du Arrasateko Kulturateko areto nagusira. Bertan, Martin Garitano diputatu nagusiarekin batera, Itziar Miner Zerga eta Finantza Politikako zuzendari nagusia, Maria del Rio Langintzako, inbertsioetako eta prestazio ekonomikoetako zuzendari nagusia, Arantza Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetzarako foru zuzendaria eta Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatua egon dira bertan.
Ez da hitzaldi hutsa izan. Behin Herritarrekin ekimenaren gaineko aurkezpena eginda, mahaikoak aretotik irten eta bertaratutako herritarren txanda izan da. Hain zuzen ere, 2013ko aurrekontua zehazten ari direla-eta, herritarrek lan egin behar izan dute gaur, eguena. Bi talde osatu dituzte, eta batek gizarte politika gaien gainean hitz egin duen bitartean, besteak garapen ekonomikoa eta fiskalitatea izan ditu ardatz.
Hain zuzen ere, Martin Garitanok adierazi duenez, aurreko urtean ezin izan zuten horrelako ekimenik aurrera eraman eta gogorarazi du Kontuak Garbi ekimenarekin etorri zirela iaz debagoiendarrekin egotera, baina kasu hartan, aurrekontua eginda zegoela. Orain aldiz, lan egiteko modu partehartzaileago bat bilatu gura izan dute, herritarren iradokizunak entzun eta horiei jarraituz 2013ko aurrekontuak osatu gura baituzte.
Halere, Garitanok argi adierazi du etorkizuneko aurrekontuan nabarituko dela krisiaren eragina, askoz diru gutxiago egongo baita erabilgarri. "Dena den, lehentasuna ematen diogu politika sozialari, eta krisian egon arren, horren aldeko apustua egin daitekeela badakigu". Baina gaineratu du, hori lortu ahal izateko fiskalitate txukun eta garbia funtsezkoa dela.