500 hedabidetik gora eta beste horrenbeste kazetari dabiltza Zinemaldia gertutik jarraitzen. Bada, kazetari horien artean da, urtero-urtero moduan, Imanol Gallego arrasatearra.
Txutxu-mutxu ugari
Prentsaurrekoetara joan eta filmak ikusteaz gain, aktore asko gertutik ikusi eta sentitu ahal izan ditu Gallegok, eta, ohiko duen umorearekin, hainbat txutxu-mutxu kontatu dizkigu: "Susan Sarandon Maria Cristina hoteleko leihoan ikusi nuen eta bi muxu bidali zizkidan. Richard Gere ere oso jatorra da, eta galai hutsa, batez ere adineko pertsonendako –enamoraviejas da, zehatz-mehatz, Gallegok erabilitako hitza–. Dena dela, ziur nago famatua izango ez balitz ez lukeela horrenbeste arrakasta izango".
John Tavoltarekin ere egin zuen topo arrasatearrak Maria Cristina hotelean: "Badakit bi abioi dituela bere luxuzko etxean eta galdetu nion handiarekin edo txikiarekin etorri zen. Txikiarekin etorri zela esan zidan eta berak gidatu zuela Biarritzen lurra hartu zuen abioia". Dena dela, Travoltaren zirujauarekin ez dago batere gustura arrasatearra: "Ez dakit zer egin duen buruan. Ile gehiago ipini du, baina badirudi alfonbra bat ipini duela bekoki gainean".
Urrezko maskorra zeini?
Bihar banatuko dira Zinemaldiko sariak Kursaal aretoan eta Gallegori eskatu diogu kiniela egiteko. "Urteak daramatzat kinielak egiten eta ez dut sekula asmatzen. Gauza bakarra daukat argi, eta hori da nik neuk, behintzat, ez dudala maskorra Arrasatera eramango. Hortik aurrera, auskalo!".