Preso gaixoen aldeko mozioa onartu eta biodibertsitatearen aldeko konpromisoa hartu du Udalak

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko irailaren 25a

Hamaika kontu jorratu dituzte gaur martitzena, Arrasateko ezohiko osoko bilkuran. Tartean, gaixorik dauden presoen eskubideen gainean Bildu eta Aralar udal taldeek aurkeztutako mozioa.

Ezohiko batzar orokorra egin dute gaur arratsaldean Arrasateko Udaletxeko pleno aretoan. Gai ezberdinak jarri dituzte mahai gainean udal ordezkariek. Aurreneko egitekoa uztailaren 17ko bilkurako akta irakurri eta onartzea izan da.

Hauteskunde mahaiak

Bestelako gaiak etorri dira jarraian, tartean Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak direla eta, hautes mahaietako izendapenetarako zozketa egitea.  Hain zuzen ere, 32 mahai egongo dira urriaren 21ean, eta mahai bakoitzean egon beharko direnak eta horien ordezkoak hautatu zituzten zozketa bidez. Datozen egunotan eskutitza jasoko dute egokitu zaienek etxean eta ondoren, astebeteko epea izango dute alegazioak aurkezteko.

AUKEAko tasen inguruan ere egin da berba iraileko ezohiko batzarrean. Modu horretan eta Tokiko Gobernu Batzarrak tasak aldatzeko uztailean hartutako erabakiari dagokionez, akordioa berretsi du udal gobernuak. Hala ondorioz, 2012-2013ari dagokionez, kirol ekintzetako tarifak %3a gehituko dira; enpresa kontratistak jasoko dituen diru sarreren portzentajea %80-tik %83,5era igoko da eta AUKEArena berriz, %20-tik %16,5era jeitsiko da.

Biodibertsitatearen alde

Batzarrean, Naturtzaindia erakundearen eskariz, udalak biodibertsitate konpromisoa bere egin du. Modu horrertan, udalerriko ondaren naturala hobetu, kontserbatu eta ezagutzera emango dituzten ekintzak sustatu eta gauzatzeko urratsak ematen jarraituko duela adierazi du. Orain arte ere ildo horretatik jo duela gaineratu du udalak, eta erabaki honekin, etorkizunean ere bestelako helburuak betetzeko ardura hartu du bere gain.

Preso gaixoak, berbagai

Bildu eta Aralar udal taldeek aurkeztuta, preso gaixoen eskubideen aldeko mozioa ere onartu dute, aldeko 15 eta kontrako 4 botorekin. Presoen egoeraz kezkatuta, nazioarteko eta Espainiako legedia oinarri hartuta, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru presoen baldintzapeko askatasuna eskatu dute bi udal taldeek. Madrilgo barne ministeritza eta kartzela zaintzako epaileari bideratuko diote ondoren erabakia.

Flandeseko entzulea

Bitxikeriarik ere egon da bilkuran. Hain zuzen ere, Flandesko Pieter Moens ikasleak itzultzailearen laguntzarekin jarraitu du bertan esandakoak. Moens Euskal Herriari buruzko tesia egiten ari da; hain zuzen kooperatibismoa, hemengo bizitza soziala eta hizkuntza politikak ardatz dituen ikerketa lana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak