Aurreko astean San Andres auzoan dagoen Polmetasa zaharreko eraikinean sutea sortu zen eta honek Doctor Cordoba y Oro plazako bizilagun asko haserretu ditu. Izan ere, fabrika zaharreko eraikina gazte koadrila batek lokal gisa erabiltzen zuen eta pabiloiaren orubean, galdara zaharrak dauden lekuan, kanpotar asko bizi dira.
Auzotarren esanetan, gazte koadrilak ez du aparteko arazorik sortu, baina bai galdara zaharretan bizi diren kanpotarrek. Izan ere, Ertzaintza behin baino gehiagotan izan da eraikin zaharrean bertan bizi direnen arteko liskarrak baretzen eta Gipuzkoako Foru Aldundiko gizarte zerbitzuetakoak ere bertan izan ziren.
Polmetasa zaharrean bizi diren pertsonak osasun baldintza txarretan bizi dira, eraikin zaharrean zabor piloa dago eta auzotarrek horrek arratoi eta euli asko erakarri dituela esaten dute.
Berez, etxebizitzak egiteko proiektua dago, baina San Andresko bizilagunek Polmetasa inguruan 220 etxe egitea ahalbideratu zuen udalaren egitamu orokorraren zatiari aurkeztutako errekurtsoa jarri zioten eta orain kasua Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain dago.
Auzitegi Gorenaren behin betiko erabaki iritsi bitartean, auzotarrek arazoa konpontzeko Udalak eraikina botzea eskatzen dute.
Udalak adierazi duenez, eraikinaren jabea San Andres Berri enpresa da. Beraz, Udalak ez dauka zuzeneko esku-hartzerik, baina jabeekin hitz egiteko eta eraikin horren inguruko neurriak hartzeko saiakera egin du, baina oraingoz, ez du ezer lortu.