Behean duzue Intxorta 1937 elkartekoek prestatu duten testua:
"1936ko Irailaren 26an arratsaldean tren geltokiko bidetik, Madalena kaletik tropa faxistak sartu ziren Arrasaten. Portaloiaren aurrean zegoen Batzokian altzamenduko bi koloreko bandera eskegiko zuten. Arratsaldeko 7etan sutegiak piztuko zituzten, ikurriñak, liburuak eta bestelako errepublikar ikurrak erretzeko.
Ordurako Bizkairuntz ihes egin zuen biztanleriaren erdia baino gehiagok. Geratu zirenak geratu ziren uste zutelako iñolako errepresio arriskurik ez zutela.
Baina iraila bukatu baino lehen, Arrasaten, Manuel Elorza eta Zesario Aginagalde baserritarrak hil zituzten frankistek, ihesi legea aplikatu ostean.
Hil zituzten leku berean, Legarren, geratu ziren haien gorpuak bi egunez, jendeak ikusi eta eskarmentua har zezan.
Urrian eta azaroan Debagoieneko beste 54 herritar sartu zituzten kartzelan eta gero fusilatu. Epaiketa barik, eta ia kasu guztietan, sinatu egin behar izan zuten aske geratzen zirela, hormara hiltzen eroan baino lehen. Osintxun, Ambrosio Agirrek ihes egitea lortu zuen, lagunak hiltzen zituztela.
Fusilatuen artean: langileak, 4 abade, artzainak, baserritarrak, 5 emakume… politikan sartzen ez zirenak.
Salatariak Debagoienekoak izan ziren: Alkateak, erregimen frankistaren aldeko apaizen txostenak, erreketeak, margaritak eta falangistak.
Bigarren Errepublikaren garaipen herrikoiarekin, hezkuntza, lana, jendartearen garapena edo berdintasuna moduko gai garrantzitsuak, zailtasun handiak izan arren, gorpuzten joan ziren, baina berehala frankismoaren urte ilunak hasiko ziran.
Gerraosteko miseriak, gosea, gaixotasunak… Arrasaten une batean 800 tuberkuloso egon ziran. Pobreziarekin batera, desberdintsunak, esplotazioa, injustizia, zapalkuntzak, gizartearen gehiengoarentzat gehitzen ziren bitartean, beste batzuk, -Kapitalistak-, aberasten ziran.
Gaur egun, haien jarraitzaile politikoak bide berdinetik doaz. Gutxi batzuen irabaziak haundituz eta gehiengoaren pobrezia areagotuz.
Egoera honen aurrean borrokatzea da gelditzen zaigun bide bakarra.
Irailaren 26an, greba orokorra".