Euskal Herri osoan ematen dituzue horrelako ikastaroak Eusko Jaurlaritzak bultzatuta. Ikasten denak balio du gutxiago kontsumitu eta gutxiago kutsatzeko?
Bai, energia kontsumoan uste nuena baino garrantzi handiagoa dauka autoa gidatzeko moduak. Euskal herri mailan kontsumitzen den energia guztiaren %34 garraio munduan kontsumitzen da; eta kopuru horren %93 da errepidetik egiten den garraioa. Era batera edo bestera gidatu, alde handia dago; hala, lor daiteke kontsumoa %20raino jaistea. Bakar-bakarrik ohiturak aldatuz lor daiteke hori. Kontuan hartu behar da bai gidatzeko modua eta baita ere kontuan hartu behar da ze bidaia mota egin behar den. Bidaia horren araberako autoa aukeratzea garrantzitsua da.
Autobidean edo herri barruan gidatzearen artean alde handia dagoela esan daiteke?
Autobidean ibiltzen den batek eman behar dio garrantzia autoaren aerodinamikari pisuari baino gehiago. Baina norbaitek herri batetik bestera ibili behar badu, haize handirik ez dabilen toki batean, ba hark erabili beharko du aerodinamikoa ez izan arren pisu txikiagoa duen autoa. Hori da alde nabarmenena.
Debagoienean, adibidez, zirkulazio handia herritik herrira izaten da.
Herri batetik bestera eta autobidera irten barik egiten diren zatietan komeni da pisu txikiko autoak izatea, eta ez du garrantzirik izaten aerodinamikak. Bestalde, autobidera asko irtenez gero, adibidez, Araba aldera, aerodinamikak zerikusi handia dauka. Izan ere, kasu horietan erresistentzia haizea izaten da.
Autoaren arabera kontsumoa murritz dezakegu, hortaz?
Hori da. Gidariaren poltsikorako murrizketa izan daiteke ia %20koa. Guk ikastaroa egiten dugunean, lehenengo teoria ematen dugu eta gero praktika. Saio praktikoak egiten ditugunean, nork bere erara gidatzen du lehenengo, eta gero, ikastaroan eman diren arau teorikoaren arabera. Arau horiek guztiak ezartzen badira aurrez daiteke %15 eta %18 bitartean. Adibidez, lehenengo 10 kilometroko ibilbide bat egiten da, eta hor gastatu baldin badira 5,5 litro inguru, bigarren itzulia egiten denean 4,5era jaits daiteke kontsumoa.
Posible da gidatzeko era hain denbora laburrean aldatzea? Izan ere, gidatzeko era, askotan, oso mekanikoa izaten da.
Bai, guk ikastaroa ematen dugu, eta gero, ikasitakoa praktikan jarri behar du auto gidariak. Ohiturak hartzea izaten da kontua. Hortik aurrera, hori aurreztuko du, %15 inguru. Ikastaroarekin bakarrik. Beste kontu batzuk hartuta, %20raino ere irits daiteke.
Herritarren artean badago gaiarekiko interesik?
Jendeak ez du uste horrenbeste aurrez daitekeenik. Lehenengo itzulian era normalean gidatzen dute; eta bigarren itzulian, ikusten dutenean beste modu batera gidatuta zenbat aurrez daitekeen, orduan konturatzen dira garrantziaz. Arau horiek zorrotz beteta, gidatzeko eran %20 aurrez daiteke.
Balaztatzeko moduak eragina dauka autoaren energia aurrezteko orduan?
Bai, balaztatzeko moduak eragin dezake, baina horrek baino garrantzi handiagoa daukate beste kontu batzuek: martxa luzeak eramatea komeni da, azkar aldatu behar dira martxak eta batzuetan martxak salto ere egin daitezke; adibidez, hirugarrenetik bosgarrenera pasatu. Hori da kontuan hartu behar dena.
Erregai kopurua aurrezteaz aparte, autoaren bizi iraupena ere luzatzen da arau horiekin?
Bai, hori ere eragin dezake kasu batzuetan. Baina gehien kontuan hartzen dena aurrezten den energia kopurua da: bai gidariak bere poltsikorako aurrezten duena, baina baita orokorrean zer dakarren gidari bakoitzak %20 aurreztea ere. Energia gutxiago kontsumitzen da Euskal Herrian orokorrean, eta kontaminazio efektua ere askoz ere txikiagoa da. Alde horretatik, Jaurlaritzak apustu gogorra egiten du gidatze eraginkorraren alde, orokorrean erregai asko aurreratzen delako.