Aspaldiko lagunak
Aspaldiko lagun zaharrekin hasi zuten asteburua. Gaztetxeko oholtza gainera Lobo Electrico taldea igo zen lehenengo. Esan behar da, gainera, atseden luze bat hartzekoak direla tolosarrak. Hala, oroitzapen onarekin utzi zituzten zaleak.
Ohikoa den bezala Santi abeslariak frontman ikusgarria dela erakutsi zuen. Ikusleak xaxatu zituen hasieratik, euren inplikazioa bilatu nahian. Lobo electriko taldeak rocka egiten du, rocka zentzu zabalenean ulerturik. Artefactos Magicos bigarren diskoko abestiak jo zituzten lehenengo. Estilo askotako abestiek disko irekia dela erakusten dute.Ondoren, entzuleen gozamenerako, lehenengo diskoko abesti klasikoak jo zituzten; besteak beste, Caballo sonico.
Lobo Electrico taldean ez da ohikoa bertsioak entzutea; bada, egubakoitzean The Stooges taldearen bertsio bat jo zuten. Eta kontzertuarekin amaitzeko ¿Has visto ya al lobo eléctrico? abesti klasikoa jo zuten.
Bi taldeen arteko konplizitatea
Lobo Electrico eta Nuevo Catecismo Catolico taldeen artean dagoen harreman ona agerian geratu zen, hain justu, ¿Has visto ya al lobo eléctrico? abestian. Kantuaren erdian NCCko bateria-jotzaile Arturo sartu zen agertokian eta Lobo Electrico taldeko Ikerren lekua hartu zuen; berdin egin zuen Arturo gitarrajoleak: Guantxe gitarrajolearen lekua hartu zuen.
20 urteko ibilbidea duen NCC taldeak ordubeteko kontzertua eskaini zuen. Euren ibilbideari errepasoa egin etakantu zahar eta gogorrak eskaini zituzten. Kontzertua En llamas abesti indartsuarekin hasi zuten. Prefiero estar en el suelo eta Noise noise abestiak ere eskaini zituzten. Oso kontzertu bizkorra izan zen. NCCk beti egin du dibulgatzaile lana, hau da, punk ingelesaz gain beste punk estilo batzuk ezagutzera eman izan ditu. Zapatuan, kontzertua amaitzeko, bisetan bi bertsio eskaini zituzten: batetik, Mallorkako Cerebros exprimidos taldearen Huye de ellos abestia jo zuten, eta bestetik The Stooges taldearen Search And Destroy gazteleraz: Busca y destruye.
Zapatu bihurria
Egubakoitzean 250 bat lagun elkartu ziren gaztetxean eta zapatuan ere jende asko joan zen McOnak talde gaztea eta Elorrioko Iheskide ikustera. Iheskidek euren punk-rock gogor eta zuzena eskaini zuten.
Kontzertuak 22:00etan
Urriaren 4an hasiko dute Kooltur Ostegunak ekimeneko ikasturte berria. Betiko formatuari eutsiko diote oraingoan ere: 22:00etan izango dira kontzertuak, 5 euroren truke eta talde bakarrak joko du. Kooltur ekintza taldeak eta AGAKOk erositako soinu ekipoa ordaintzeko erabiliko dute dirua.
Kooltur Ostegunak
- Urriak 4: Lisabö
- Urriak 11: Berriketan
- Urriak 18: Bastard of parade
- Urriak 25: Glaukoma