Atzo, zapatua, Javier Corcobado izan zen Kulturateko eszenatokian Juan Marina gitarra-jolea lagun hartuta. Elkartutako askok ezagutzen zuten Madrilen hazitako kantariaren ibilbidea, eta haren doinu goxoak eta abesti gaziak entzuteko gogoz hurreratu ziren.
Amodio kontuak, bizitzaren garraztasunak, askatasun nahiak, desioak eta pasioak guztiak kanporatu zituen ahots indartsuz eta Marinaren gitarra doinu goxoek lagun eginda. Frantsesa eta portugesa erabili zituen maitasun istorioak belarrira xuxurlatzeko eta Ansiedad eta Si nos dejan kanta ezagunak ikusleak maitemintzeko. Hori guztia, bata bestearen atzean erretzen zituen zigarroen ke artean ezkutatuta.
Berba gutxiko gizonak poesia eta kanta nahiago dituela barruko kezkak eta minak azaleratzeko erakutsi zuen; eta ikusleak, 80 bat lagun adin tarte zabalekoak, gustura baino gusturago kontzertuak iraun zuen ordu eta erdian.