Atez atekoaren aurkako plataformek lanean jarraituko dute Udalaren ezezkoa jaso arren

Ander Monedero 2012ko irailaren 21a

Arrasate Garbi eta Stop PaP plataformetako kideek agerraldia egin dute irailaren 6an Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizar eta Josu Pereda ingurumen zinegotziarekin egindako bileraren berri emateko. Bertan, Azkarragaurizarrek eta Peredak atez ateko zabor bilketaren erabakia hartuta dagoela esan zieten arren, bi plataformek atez ateko zabor bilketa sistemaren ezarreraren aurka lanean jarraituko dutela esan dute.

Atez ateko zabor bilketaren aukako plataformek irailaren 6an egindako bileran, 6.686 sinaduraren babesa zutela esan zuten eta zabor kudeaketaren inguruan herri galdeketa bat eskatu zioten Azkarragaurizarri. Alkateak galdeketa atez ateko sistema ezarri eta bi urtera egiteko asmoa dutela esan zien, baina bi plataformen ordezkariek, galdeketa hori beranduegi izango dela uste dute.

Arrasate Garbi eta Stop PaP plataformetako kideek zabor bilketa sistema berria ezarri ondoren, Udalak planteatutako galdeketaren emaitzak ez duela balio uste dute. Izan ere, sistema berria ezartzen diru asko gastatu ostean atez atekoa kenduko ez dutela uste dute eta atez atekoaren ezarreraren azterketa ekonomikoa eskatu zien.

Zabor bilketaren aurkako bi plataformen kideak 5. edukiontziaren aldeko apustua berretsi dute eta birziklapena kontzientziazio, hezkuntza eta errespetu arazo dela uste dute.

Debagoieneko beste herri batzuekin elkarlana egin nahi

Nahiz eta udalaren ezezkoa jaso, Arrasate Garbi eta Stop PaP plataformetako kideak atez atekoaren aurka lanean jarraituko dutela esan dute eta Debagoieneko plataforma bat sortzekotan daudela adierazi dute. Bertan, Debagoienean atez atekoaren aurkako erantzun bateratu bat emateko, sistema honen aurka dauden eskualdeko dauden elkarte eta pertsonekin elkarlana sustatu nahi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak