Kontseiluaren deiari erantzunez, Euskaraz bizi nahi dut herri lasterketa egingo da bihar Arrasateko kaleetan. Hitzordu kolektiboa da, hain zuzen ere, Euskal Herri mailan herri ugarik aldi berean egingo dute lasterketa eta ondorioz milaka pertsonen inplikazioa lortuko da.
Ekimena antolatzen herriko eragile ezberdinak aritu dira: Arrasateko Udala, euskalgintzako zenbait talde, Arrasate Atletiko taldea... Parte hartzaileek aldez aurretik eman dezakete izena www.euskarazbizinahidut.org webgunean. Halere, ordainagiria eraman beharko dute bihar lasterketaren aurretik izen-emate mahaira.
Prezio sinboliko bat ordaindu beharko dute parte hartzaileek. Haurrek 2 euro eta kamiseta gura izanez gero, 7 euro; helduek aldiz, 5 euro edota 10, elastikoarekin.
Adinaren arabera luzera ezberdina edukiko du ibilbideak, helduen kasuan izango da luzeena, 5 kilometro izango dira (Santamasetako herri krosaren bide bera edukiko du).
Herriko plazan amaituko da lasterketa, eta segidan, parte hartzaile guztien artean eta dortsalaren arabera, bost sari zozkatuko dituzte: DVD eramangarri bat, xurgagailu elektronikoa, motxila...
Euskaraz bizi nahi dut oihu egiteko, hitzordu polita biharkoa.