Iban Velasco: "Sistema honekin inork ez du talde lanik egin nahiko"

Xabier Urtzelai 2012ko irailaren 19a

Astelehenean Harmailatik saioan egon ostean jaso zuen Iban Velascok Euskaltel-Euskadiko kirol zuzendariaren deia, taldean ez zuela jarraituko esateko. Arrasatekoak onartu digu ez zuela halakorik espero, baina gauzak datozen moduan hartu behar direla, eta talde bila dabil dagoeneko. Hori bai, garbi esan du UCI World Tourrean lehiatzeko puntukako sistemak ez duela gauza onik ekarriko, besteak beste, galdu egingo direlako interes propio barik taldearendako lan egiten duten txirrindulariak: "Inork ez du nahiko ondokoarendako lan egiterik".

Astelehenean ez zenuen halako berririk espero.

Ez, egia esan harritu egin nintzen, ez nuen halakorik espero. Ez nuen uste Amets Txurruka ere kanpoan geratuko zenik, eta begira... Gauzak, baina, datozen moduan hartu behar dira, eta dagoeneko talde bila hasi gara.

Asteazkenean zuek biok izan zineten albiste, baina beste taldekide asko daude egoera berean.

Bai. Nik ia egunero Txurrurekin entrenatzen dut, eta gu bion egoeraren berri dakit. Besteei ez dakit zer esan dieten.

Askotan aldaketak gomendagarriak izaten dira.

Beno, beste talderen baten deia jasotzen badut seguruenik lekuz aldatzea ondo etorriko zait. Arazoa izango da beste talderen batean lekurik aurkitzen ez badut. Pena izango litzateke txirrindularitza utzi behar izatea.

Zelan dago merkatua?

Apur bat berandu gabiltza. Jendea Tourraren ostean hasten da datorren denboraldira begira gauzak begiratzen, edo Vueltan zehar, bestela. Egia da talde asko osatuta daudela datorren denboraldira begira.

Egunotan ez duzue eskaintzarik jaso?

Ez, oraindik ez.

Sare sozialetan ikusi dugu jendeak ez dituela erabaki horiek ondo hartu.

Beno, garbi dagoena da filosofiaz aldatuko dutela. Lehen Madariaga zegoen taldeburu, eta orain Igor Gonzalez de Galdeano dago, eta berea da erabakia. Ikusteko dago jendeak zelan erantzuten duen, baina ez dut uste zaleak pozik daudenik.

Astelehenean bertan saioan adierazi genuen, taldearendako lanean ibili eta punturik batu ez duzuenok, interes propiorik izan ez duzuenok, zigortuak izango zaretela sistema honekin.

Bai, hori da. Azkenean puntuen kontu honekin etorkizuneko txirrindularitzan bakoitzak berea egingo du, eta ez da benetako talde-lanik egongo. Kirol indibidualagoa bilakatuko da.

Denboraldi amaiera honetan, lehengo asmoekin jarraitzen duzu.

Bai, bai. Abendura arte kontratua dut Euskaltelekin. Lonbaria eta Piamonte egingo ditut, eta ondoren Txinara joango gara denboraldia amaitzera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak