Frankistekin gorriak ikusi zituzten ama eta amonak joanak dira baina haien alaba eta senide askok gogoan oso bizirik daukate oraindik ama, izeba eta senideek bizitako irain, tratu txar eta bazterketa. Frankismoak zauri sakonak eragin zituen-eta Arrasateko familietan. Kontakizuna gizonen ahotik behin eta berriz egin da, emakumeena ez da hain entzuna izan. Zenbait emakumek Intxorta 1937 Kultur elkartekoei kontatu dizkiete bizipen latzak eta atzoko erakustitako dokumentalean jaso.
DVDak 16 emakume eta gizon baten –haren amaren bizipenak kontatzen ditu– bizipenak jasotzen ditu. Juanita Okina, Juana Uranga, Felisa Zubizarreta, Luzia Arregi, Felisa Arbulu, Nati Moreno, Primitiva Araolatza, Libe Bengoa, Jaione Bengoa, Leandro Azkoaga –Modesta Bidabururen semea–, Mari Tere Agiriano, Julene Iturbe, Sabina Dolara, Carmen Arrieta, Trini Ruiz de Alegria, Eugeni Langaran eta Felisa Murguzur dira dokumentaleko protagonistak.