Kooltur asteburuan "zakur zaharrak" eta gazte indartsuak

Ubane Madera 2012ko irailaren 19a

Kooltur Asteburua izenburuarekin eta Kooltur Ekintzak eta Arrasateko Gaztetxeko Asanbladak (AGAKO) erabiltzen dugun soinu ekipoaren zorra ordaintzen laguntzeko, asteburu berezi eta indartsua izango da oraingo hau Arrasateko gaztetxean. Egutegian, lau hitzordu iragarri dituzte: egubakoitzean Lobo Electrico eta Nuevo Catecismo Catolico eta zapatuan, Iheskide eta McOnak.

Nuevo Catecismo Catolico eta Lobo Electricoren kontzertua 22:00etan hasiko da, barikuan

Halaxe aurkeztu dituzte taldeok antolatzaileek: "Ostiralerako, aspaldiko bi lagun, bi zakur zahar gonbidatu ditugu. Donostiako auzuneetako Nuevo Catecismo Catolico taldeak 20 urte bete ditu punk-rocka, power-popa, hard-rocka eta rock onena sinesgarritasunez eta duintasunez lantzen.

Urteurren berezia dela-eta, hainbat argitalpen prestatu dituzte eta, aspalditxoan zuzenean gutxitan aritzen badira ere, ezin izan diote Arrasateko ikusleei aurre egitearen aukerari muzin egin.

Tolosako Lobo Electrico Santi Iribar showmana lemazain duen barku pirata da, uneoro zein norabide hartuko duen jakiterik ez dagoena. Rock klasikoenaren eta gordinenaren itsasoetatik barrena joateko, marinel guztiek izerdia barra-barra emango dute... baita zuk ere! Taldea Maracaibo irlan atseden luzean badago ere, Arrasaten izango da". 

Gaztetasunaren sasoi betea

Bizkaia aldetik etorriko dira, berriz, zapatuan jardungo duten Iheskide (Elorrio) eta McOnak (Lekeitio) taldeak. Bion kontzertua ere 22:00etan hasiko da.

Hona hemen antolatzaileen aurkezpena: "Larunbatean bi talde gazteago baina era berean indartsu eta sasoitsu izango ditugu. Elorrioko Iheskide taldea gogotsu dago Arrasatera itzuli eta '... irabazi arte!' diskoa aurkezteko. Rock matxinoaren gerrilariek irailaren 22koa punk-rock errebelde gaua bilakatuko dute.

Eta beraiekin batera, Fiachras taldearen eskolan hazitakoa dirudien McOnak talde berria, Lekeitio ingurukoa. Punk-rocka gustuko badute ere, folk taberneroa eta countrya ere lantzen dituzte, saxo eta txirularekin lagunduta. Xenpekin grabatutako lana aurkeztuko dute".

Kooltur Asteburuaren ostean, betiko moduan, Maritxu Kajoi ostean abiaraziko dute ikasturte osorako kontzertu-egutegia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak