Lantaldea osatu nahi dute Espainiako gerra zibilean eta diktadura frankistan Debagoieneko emakumeen eginkizuna eta bizipenak oroitzeko

Usoa Agirre 2012ko irailaren 18a

Ekin Emakumeak elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren Zuzendaritza Nagusiaren laguntzarekin, Espainiako gerra zibilean eta diktadura frankistan zehar, Debagoieneko emakumeen eginkizuna eta bizipenak oroitzeko erakusketa bat antolatuko du aurten. Erakusketa prestatu eta aurrera eramateko lantalde bat sortu nahi du elkarteak eta gaian interesa duten guztiak, lantaldean parte hartzera gonbidatu dituzte.

Debagoieneko emakumeek bizitako errealitatea aztertu, ezagutzera eman eta emakume horiei omenaldia egin nahi diete, uste baitute gerraren bizipena ez zela berdina izan emakumeen edo gizonen aldetik. Gerra denbora eta osteko bailarako emakumeen argazkiak bildu eta erakusketa antolatu nahi dute. Proiektuaren helburu nagusia da beraz, gerra zibila eta diktadura frankista bailarako emakumeen ikuspegitik ezagutzea.

Gure bailaran gertatu zena berreraikitzea nahi dute. Argazkien bidez, aurpegiak jarriko dizkiete biktima eta egoera latzak bizi izan zituzten emakumeei, zorigaitza bizi izan zutenen memoria gordetzeko, zein hauen senideekiko elkartasuna adierazteko eta belaunaldi berriei gertatu zena erakusteko. Errekuperatu nahi dute "egia, zabaltzen lagundu, harekin bat egin, horrela justizia egiten lagunduko baitugu biktima izan ziren emakumeekin". 

Proiektu honetan parte hartu nahi duenak Ekin Emakumeak elkartean eman dezake izena:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak