Amandrearen hitzak izan daitezke, gerraren gainean entzun dituen istorioak gutxietsi dituen biloba bati erantzunez. Gerra eta osteko diktadura pairatu ez dituelako esan du bilobak ez zela horrenbesterako izango, benetan gertatu zena ezagutzen ez duelako.
Bada, garai ilun hartako egia azaleratzera dator Intxorta 1937 Kultur Elkartearen azken lana. Hilaren 18an estreinatuko dute Arrasateko Amaia antzokian: euskarazko emanaldia 19:00etan izango da, gero omenaldi labur bat egingo diote testigantzak eman dituztenei eta horren ostean gazteleraz dagoen bertsioa proiektatuko dute. Udaleko Kultura Sailarekin adostu dute sarrera doakoa izatea.
Ametsa zena, amesgaizto
Bigarren Errepublikaren aurka matxinatu zirenek eta, gerra ondoren, Francoren diktadurapean bizi eta haren errepresioa jasan zutenen gainekoa da dokumentala, garai ilun haiek bizi izan zituzten emakume arrasatearren ahotik kontatua.
DVDak 15 emakume eta gizon baten –haren amaren bizipenak kontatzen ditu– bizipenak jasotzen ditu. Juanita Okina, Juana Uranga, Felisa Zubizarreta, Luzia Arregi, Felisa Arbulu, Nati Moreno, Primitiva Araolatza, Libe Bengoa, Jaione Bengoa, Leandro Azkoaga –Modesta Bidabururen semea–, Mari Tere Agiriano, Julene Iturbe, Sabina Dolara, Carmen Arrieta, Trini Ruiz de Alegria, Eugeni Langaran eta Felisa Murgizu dira dokumentaleko protagonistak.
Bigarren Errepublikaren etorkizun justuago baten ametsa izan behar zena gerra eta diktadura bihurtu zen amesgaiztoa bizi zutenen gorabeherak dira abiapuntu: "Historia idatziak ez jaso arren, emakumezkoak izan dira urte goibel hauetako protagonista nagusiak. Sufritu dute, baina jardun dute, sortu dute eta aurrera egiten jakin dute. Dokumentalak emakumeek jasandako ahanztura eta isileko istorioa aireratu nahi ditu", diote egileek. Dokumentalean, testigantzez gain, garai hartako pasarteak birsortu dituzte; irudi egiazko, gogor eta hunkigarriak sortuz. Birsortutako pasarteetako bat da 1936ko azaroaren 5eko eta 6ko gauetan fusilatutako bost emakume arrasatearren kasua: Emeteri Aranburuzabala, Paula Muxika, Maria Areitio, Francisca Oianguren eta Florencia Olazagoitia. Olazagoitia bost hilabeteko haurdun zegoela erail zuten: "Dakigunez, 'hazia ere akabatu behar da' esan zuen fusilamendua gidatu zuen agintari frankistak", dio Julia Monjek.
"Oso gai sentsiblea"
DVDean parte hartu dutenez gain, Frankismoaren biktima izandako beste batzuekin ere egon ziren Intxorta 1937 Kultur Elkartekoak: "Horietako batzuek baiezkoa eman zuten berba egiteko, eurek edo euren familiartekoek. Baina gero atzera egin zuten, oraindik ere garai horiek gogoratzea oso gogorra egiten zaielako. Gaia oso sentsiblea da; gainera, beste batzuk gaixorik ere jarri ziren. Pena da testigantza horiek galtzea, oso interesgarriak izan zitezkeelako, baina gure errespetu osoa merezi dute".
Emanaldi pribatua uztailean
Gaia horren sentsiblea izanik, datorren martitzeneko estreinaldia baino lehen, DVDean parte hartzen dutenek azken emaitza ikusteko aukera izan zuten uztailean Kulturaten: "Elkarrizketa bakoitzak bi ordu inguru irauten du eta beraz, sintesi lan handia egin behar izan dugu. Errespetuz jokatzeko helburuz, argitaratu aurretik euren oniritzia behar genuen", adierazi du Monjek.
Guztiak ez ziren aurre-estreinaldi horretan egon, baina orokorrean asko gustatu zitzaien eta hunkigarria iruditu zitzaien gehienei.
DVDaren egileak pozik daude azken emaitzarekin. Hori bai, Monjek zehaztu duenez, hasierako asmotik azken emaitzara alde handia dago: "Proiektuak iraun duen bi urte hauetan bizi izan duguna jakin ostean, ziur beste era batera egingo genuela. Hala ere, lan polita irten dela esango nuke; ea jendeak zer uste duen".
Egia, justizia eta kalte-ordaina
36ko gerra abiapuntu duen Intxorta 1937 Kultur Elkartearen beste lanen moduan, honakoak ere egia, justizia eta kalte-ordaina ditu premisa nagusi. Mozioak aurkeztu dituzte ibarreko herri ezberdinetan, kalte-ordainak lortu ahal izateko. "Argentinako epaile batek kausa bat ireki du eta hil honetan Madrilen egotekoa da. Talde ezberdinek testigantza errealak aurkeztuko dituzte eta guk ere prest daukagu dokumentazioa. Espero dugu Euskal Herrira ere etortzea. Ez da bide erraza, baina saiatzeagatik, behintzat, ez da izango". Kalte-ordainak jasotzeko bidea iluna da, beraz, baina ezin ukatu halako lanek bide hori argitzen laguntzen dutela.
-----------------
Julia Monge (intxorta 1937 elkartea)
Bi urtez luzatu den lana izan arren, emaitzak merezi izan duela uste du Julia Mongek.
Emakumeak dira protagonista DVDan. Zergatik? Emakumeen papera nabarmendu nahi genuen. Espainiako gerraren gainean egin diren lanetan gizonezkoak izan ohi dira protagonista, baina ez dugu jakiten emakumeek zein lan egin zuten eta zein garrantzitsuak izan ziren familiak aurrera ateratzeko orduan. Euren testigantzetan oinarrituz orduko Arrasate gogora ekartzea izan da gure helburu nagusia.
Testigantza horiek hartzera joan zinetenean zerk harritu zintuen gehien? Sekulako indarra izan zutela. Egoerarik zailenetan ere oso ausartak izan ziren aurrera egiteko. Horrek harritu ninduen gehien. Gaur egun testigantza eman dutenean, garai haiek gogoratzea ez da erraza izan eurendako, baina behin horretara jarrita, gorrotorik gorde gabe kontatzen dituzte bizipenak. Hori bai, gerra eta gerraostea oso gogorra eta krudela izan zela diote, ezer gabe geratu zirela.
-----------------
Felisa Zubizarreta: "Egun baten, etxera heldu nintzenean, amari honakoa galdetu nion: 'Ama, denek dute aita eta guk ez daukagu?'. Sekulako zarrada eman zion, ez zen ezer erantzuteko gai ere izan. Une hori ez zait burutik kenduko bizitza osoan".
juanita okina : "Gure Florentina ere... [Florentina Olazagaitia Zeziaga, fusilatu zuten emakumeetako bat. Bost hilabeteko haurdun zegoen frankistek erail zutenean]... haurdun zegoela akabatu zuten, hori egin behar da gero...".
Luzia Arregi: "Etxean gertatu zenaz akordatzen naiz. Mortero bonba bat bota ziguten ez dakit nondik: 18 urteko anaia hilda, aita zaurituta, ganadu guztia akabatuta... Ganadua eraman zuten soldadu frankistek jan zezaten, guretako ezer utzi gabe. Lotsagabeak...".
Karmen Arrieta: "Parrokoaren etxera joateko eskatu zieten apaizei. Han zegoen Maria Rosa Urraca Pastor [Errepublikaren aurkako agintari karlista]. Honela esan zien: 'Eskola euskaldunei lagundu diezuenez, fusilatuta egon beharko zinatekete. Ez da hala izan gugatik".


