Erreformaren kontrako manifestazioa, egubakoitzean, Arrasaten

Ubane Madera 2012ko irailaren 17a

LAB sindikatuak manifestazio zaratatsua deitu du oraingo asteko egubakoitzerako, 19:00etan, Arrasaten, Seber Altube plazatik aterata. Erreformaren kontra alternatiba badago! leloarekin egin dute hitzordua. Besteak beste, irailaren 26ko grebarako "motorrak berotuko" dituzte.

"100.000 milioi euro bankuak onbidentzeko. 100.000 milioi euro herritarrei ordainarazi nahi dizkietenak. Madril, EAE eta Nafarroako gobernuek krisiaren erantzuleak saritzen jarraitzen dute, herritarren gehiengoa zigortzen duten bitartean". 

Horixe, gehi BEZaren igoera, sektore publikoaren pribatizazioa, enpleguaren suntsipena, osasungintzaren berrordainketa… dira Arrasateko Greba Batzordeak egiten dituen salaketetako batzuek irailaren 26ko greba deitu eta oraingo egubakoitzerako manifestazioa antolatzeko.

"Aukeratutako bidea"

Sindikatu abertzaleak azpimarratu duenez, "pobreziara kondenatzen gaituzte basatiki, guzti-guztiok, baina batez ere kolektiborik zaurgarri eta prekarizatuenak: gazteak, emakumeak, pentsiodunak, etorkinak, desgaitasuna duten pertsonak eta guraso bakarreko familiak. Ez da egia hau dela bide posible bakarra. Hau da aukeratu duten bidea, egiten ari direnaren jakitun eta kontziente izanda: lan eta genero esplotaziozko bidea, prekarietate sozial eta diskriminaziozkoa". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak