Bus tarifak eta Erlojuaren Eraikinaren etorkizuna, gaur aztergai

Ubane Madera 2012ko irailaren 17a

Autobus urbanoaren prezioen igoera eta Erlojuaren Eraikinaren etorkizunarekin batera, biolentzia jasan duten emakumeendako irailetik abendura bitarteko talde terapia, Takolo eta Garaia arteko lehengo errepidearen zeharbidearen urbanizazioa eta Berdintasun Sailaren dirulaguntzak aztergai izango ditu gaur arratsaldean Udal gobernuak asteroko batzarrean. 

Gai-zerrenda mardula du esku artean gaur Arrasateko Udal Gobernuak. Bestelakoen artean, Lurraldebusen proposamena izango dute mahai-gainean: BEZaren igoerak eraginda, herri barruko urbanoaren prezioen igoera proposatzen du, hain zuzen ere. 

Erlojuaren Eraikineko proiektuak

Erlojuaren Eraikinari dagokionez, berriz, bertan "dauden edo egon litezkeen jardueren proiektua idazteko zerbitzua emateko, prozedura negoziatua agindu behar duten administrazio baldintzen eta baldintza teknikoen agiriak onartzea" izango dute aztergai.

Zorrak eta linea elektrikoa

Horrekin batera, hainbat zor dituzten jarduerei ur zerbitzua mozteko proposamena aztertuko dute gobernuko kideek.

Udalerria zeharkatzen duen tentsio altuko linearen segurtasuna handitzeko herriko zenbait zuhaiztitan obrak egiteko baimena ere esku artean izango dute. Eta beste pare bat gai aipatzearren, 2012ko Guraso Tailerrak, irailetik abendura bitarteko Emakume Txokoaren plangintza eta Jabetze Eskola, eta Berdintasun Sailaren dirulaguntzak landuko dituzte.

Betiko moduan, batzarra 16:00etan hasiko da.   

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak