Patxi Lopez: "Sozialisten egoitza berri bat zabaltzea beti da pozgarria, baina Arrasateko hau berezia da"

Xabier Urtzelai 2012ko irailaren 15a

Patxi Lopez Lehendakariak inauguratu zuen atzo, egubakoitza, Arrasaten sozialistek izango duten egoitza berria. Ez egoitza bakarrik, baita ondoan izango dituen taberna eta jatetxea ere. Jende asko gerturatu zen inaugurazio ekitaldira, baita komunikabide asko ere. Inaugurazioaren aurretik berbaldi politikoa egin zuen, eta mezua bidali Isaias Carrascori zenari: "Isaias, Irabazi egin dugu".

Arrasateko sozialisten egoitza berriak zabaldu ditu ateak jada. Jende mordoa gerturatu zen egubakoitzeko inaugurazio ekitaldian, eta Lehendakariaren etorrerak ikusmina piztu zuen, baita komunikabideen artean ere. Arrasateko sozialisten idazkari nagusi Paco Gartziak onartu zuen aurreikuspen guztiak gainditu zituztela: "Jende mordoa etorri da, eta oso pozik gaude. Askatasunaren egoitza da hau, eta ateak denendako zabalik daude. Ideia berriak dituztenendako, eta baita kritika bat egin nahi duenarendako ere".

Hain zuzen, Lehenkarariak Paco Gartzia aipatu zuen komunikabideen aurrean egindako aurkezpenean. Harro dagoela Arrasateko sozialisten ordezkaria izateaz, eta gogoan izan zuen, baita ere, ETAk hildako Isaias Carrasco ere. Hauteskundeak gainean, berbaldi politikoa egiteko ere aprobetxatu zuen Lopezek. Iñaki Arriolak hasi zuen berbaldia, eta gogor kritikatu zuen Iñigo Urkullu, etengabeko borroka bilatu nahian dabilelako. Eta Lopezek gaineratu: "Inora ez garamatzaten borroken kontra gaude, herri honek ez duelako halakorik behar, eta bai elkar-ulertzea". Argi utzi zuen, baita ere, PSE ez dagoela independentziaren alde: "Proposamen horiek herria banatzen dutelako, eta guk batasuna behar dugu".

Herritar bat, Patxi Lopezekin lokal berria inauguratu berri.

Eekitaldian egon ziren, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Idoia Mendia, Bizkaiko idazkari Jose Antonio Pastor, eta Isaias Carrascoren alargun Marian Romero. Berbaldiaren ostean tabernako ateak ireki eta jendetza batu zen bertan:

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak