'Arrasate 1936: emakumea, gerra eta errepresioa' dokumentala estreinatuko dute hilaren 18an

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko irailaren 14a

Intxorta 1937 Kultur elkarteko Julia Mongek azaldu dizkigu 1936ko gerraren sufrimendua eta krudeltasuna Arrasateko 15 emakumeren ahotik jasotzen duen 'Arrasate 1936: Emakumea, gerra eta errepresioa' DVDaren nondik norakoak. Emakumeak dira abiapuntu, frontean borroka egin ez bazuten ere familiak aurrera egiteko lan egin zutenak eurak izan zirelako. Eta batez ere, lan hori guztia eta euren bizipenak isilpean izan direlako orain arte. Dokumentala hilaren 18an estreinatuko da Arrasateko Amaia antzokian: euskarazko pasea 19:00etan, gero omenaldia testigantzak eman dituztenei eta 20:30etik aurrera gaztelerazko bertsioa.

Dokumentalaren egile nagusia izan da Intxorta 1937 Kultur elkartea. Elkarteko Julia Monge pozik dago azken emaitzarekin baina onartu du orain berriro egin beharko balute emaitza ezberdina izango zela oso. Baina benetako protagonistei, hots, testigantzak eman dituzten emakumeei gustatu zaienez lasai dago.

Testigantzak jaso ostean harritu dion gauzetako bat izan da krudelkeriarik ankerrenean ere emakume horiek aurrera egiteko erakutsi zuten gaitasuna: "Emakume askok dena galdu arren, amorruan ito barik aurrera egiten jakin zuten. Hori goraipatzekoa da"

Omenaldia bi paseen artean

Dokumentala euskaraz zein gazteleraz ikus daiteke. Bi paseen artean omenaldia egingo diote testigantzak eman dituzten emakumeei. Aurreskua eta lore eskaintza egingo dizkiote eta Intxorta 1937 Kultur elkarteko zein Arrasateko Udaleko ordezkari banak egingo dute berba, besteak beste.

DVDa ez da oraindik labetik irten baina eguen honetarako izatea espero dute. 12 eurotan jarriko dute salgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak