Ekintza bete zaku dator asteburua Arrasatera

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko irailaren 14a

Egongo da zer egin Arrasaten asteburuan. Besteen artean, Merkemerkaua, baserritarren azoka eta Uribarri-Erguingo jaiak izango dira protagonista.

Bihar iraileko hirugarren zapatua denez gero, ohi bezala baserritarren azoka egingo dute Seber Altube enparantzan, 09:00etan hasita. Bertan ipiniko dituzten 17 saltokietan, ortuek emandako sasoiko produktu ugari aurkituko dituzte bertaratzen direnek. Gainera, Jesus Romero sukaldariak denboraldiko produktuekin eginiko pintxoak dastatzeko aukera egongo da.

Baina ez da azoka bakarra izango, Merkemerkauaren zortzigarren edizioa egingo baita 10:00etan hasi eta egun guztian zehar herriko kaleetan. Hogeita hamabi saltokik aterako dituzte beraien produktuak kalera. Horrez gainera, txistulariek kaleak alaituko dituzte goiz eta arratsaldez, eta Erraldoi eta Kilikien konpartsa ere irtengo da kalera 17:00etan.

Uribarri-Erguin auzoko jaiak

Uribarri-Erguin auzoko jaiak asteburu honetan egingo dituzte. Gaur hasi eta domekara bitartean bertaratzen direnentzako egitarau zabala antolatu dute. Gaztetxoentzako ekintzekin emango diote hasiera jaiei izan ere, Txatxilipurdiren eskutik jolas eta tailerrak egingo dituzte gaur, 17:00etan hasita.

Aurten zenbait aldaketekin datoz jaiak, izan ere, aurreko urteetako hitzordu finkoetariko batzuk ez dira sartu egitarauan, herri-kirolak edota bertsolarien saioa, kasu.  Herri bazkariari dagokionez, berriz, Kristina Zeziaga auzoalkateak adierazi du, horren aldeko apustu sendoa egin dutela, nahiz eta uste baino erantzun txikiagoa eduki duen. Animatu direnak baina, Larrea Plazan elkartuko dira mahaiaren bueltan bihar zapatua 14:30ean.

Beste makina bat ekimenek osatzen dute aurtengo jai egitaraua eta aspertzeko betarik ez dute izango Uribarri-Erguineko auzotarrek. Askoren artean, Bitter Honey, Dirty Brothers eta Screamers & Sinners rock kontzertuak egubakoitz gauean; zezen eta poneyak, zein Lontxo taldearekin erromeria zapatuan; auzoari bira emateko patin topaketa, Lore Gazteak dantza taldearen emanaldia, tirolina, ohe elastikoak, skate eta patin pista eta abar.

Jaietako egitarau osoa, hemen

Azokak eta festak nagusi;  erabateko asteburu aurretik, beraz, gaur hasi eta domekara bitartean, Arrasaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak