Dendara joan barik, landare-esnea etxean

Arritxu Barruso 2012ko irailaren 15a

"Esne begetala kontsumitzen dutenendako sekulako iraultza da". Horrelaxe aurkeztu digu Itziar Bartolome arrasatearrak merkaturatu berri duten etxetresna; Chufamix dauka izena.

Merkea eta kalitatezkoa 

Hazietatik eratorritako esnea kontsumitzen dutenek ondo dakite ekonomikoki zer dakarren horrek. Bada, besteak beste, horrek egiten du erakargarri etxetresna berria. "Enpresa handiek esne begetalaren merkatua monopolizatuta daukate, eta hori bidegabea iruditzen zaigu. Tetrabrik batek bizpahiru euro balio du. Bada, Chufamixekin, 500 gramo hazirekin, hau da, bi euro ingururekin, 10 litro esne lortzen ditugu. Kontuan izanda Chufamixek 36 euro balio duela, berehala amortizatzen da. Esnearen kalitatea, gainera, askoz hobea da, pasteurizatu gabea eta momentuan egindakoa".

Hortxatagile baten ideia 

Arrasatearra hasieratik dago proiektuan sartuta, baina etxetresnaren ideia Valentzian bizi den Andoni Monforterena izan zen: "Hortxata egiten du, eta edozeini hortxata etxean egiteko aukera eskaini nahian jaio zen ideia. Hortxata edozein hazirekin egin daiteke: hurrak, almendrak, intxaurrak..."

Debagoienean, laster

Arrasatearra oso pozik dago proiektuak izan duen hasierarekin: "Ikaragarria da izaten ari den harrera. Valentzian aurkeztu ostean Katalunia ibili gara. Orain, Euskal Herrian gabiltza komertzializatzen;  hemendik Madrilera eta Alemaniara goaz.    

Debagoienean ere hainbat denda bisitatu dituzte eta laster Bergaran, Arrasaten eta Oñatin eskuratu ahal izango da.

Zapatuan baserritarren azokan

Chufamixa bertatik bertara ikusteko eta sortzen duen landare-esnea probatzeko aukera izango da bihar, zapatua, Arrasaten. Baserritarren azoka egingo da Seber Altuben, eta Garaion elkartearen postuan egongo dira, azalpen guztiak ematen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak