Martin Garitano Arrasaten izango da gaur "herritarrekin aurrekontuez aritzeko"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko irailaren 27a

Herritarren parte hartzea bultzatzeko eta feed-back-a lantzeko batzarrak egiten dihardu ahaldun nagusiak Gipuzkoa osoan barrena. Hamar batzar dira, hilaren 17an hasi eta urriaren 3ra bitartean. Gaur, Arrasatera etorriko da. Kulturaten izango da 19:00etan hasita. Gizarte politika eta fiskalitatea izango dira oinarri. Herritarrekin da ekimenaren izena.

"Gipuzkoako Foru Aldundira iritsi bezain laster jakinarazi genuen bestelako politika bat egitera etorri ginela eta politika berri horren ardatzetako bat herritarrekiko hurbiltasuna eta herritarrekin batera lan egitea izango zela argi utzi genuen. Horregatik, iazko udazkenean, Aldundira iritsi eta gutxira, Kontuak Garbi ekimena jarri zuen martxan Aldundiak, herritarrei 2012ko aurrekontuen berri emateko". Halaxe diote diputaziotik.

Gerora, lau urteotarako Gobernu Programa eta Aldundiaren egitasmo nagusiak aurkeztera ere herritarrengana joan ziren Foru Aldundiko ordezkariak. Orain, breste erronda dator, datorren urteko foru-aurrekontuak lantzen dihardutela-eta.

Aldundiko ordezkaritza bat, ahaldun nagusia buru dela, eskualdeetara aurrekontuez aritzera joango da. Lehenengo bilera sorta datorren astelehenean, irailaren 17an, hasiko da eta urriaren 3ra arte iraungo du, eta Aldundiaren egitasmoei buruz hitz egiteko izango da.

Gizarte politika, garapen ekonomikoa eta fiskalitatea

Bileretan landuko diren gaiei dagokionez, esan bezala, aurrekontuak izango dira ardatz eta bilera guztietan bi arlo izango dira nagusi: gizarte politika eta garapen ekonomikoa eta fiskalitatea. Gipuzkoako Foru Aldundiak bi gai horiek aukeratu ditu, "funtsezkoenak" iruditu zaizkiolako.

Herritarren ongizatea

Batetik, "gaur egungo egoeran gizarte politikak bermatzea eta herritarren ongizatea ziurtatzea ezinbestekotzat" du Aldundiak, eta "gizarte politikak Aldundiaren aurrekontuaren erdia" hartzen duenez, "oso garrantzitsua" da gai horri buruz herritarrek duten iritzia jakitea.

Sektore publiko indartsua bermatu

Bestetik, krisi ekonomikoari aurre egiteko eta "sektore publiko indartsu bat" bermatzeko, "Aldundiak beharrezkotzat du garapen ekonomikoari eta fiskalitateari buruz jardutea". Aldundiak "fiskalitate justuago baten aldeko apustua" egin du hasieratik eta herritarrek gaia nola ikusten duten jakin nahi du. Aldundiak aurrekontuak landu bitartean herritarren iritzia jasoko du, eta hala horiek "aurrekontuetan txertatzeko aukera" izango du, diote Diputaziotik.

Batzar eraginkorrak

Bi gai horiek lantzeko bilera bakoitzean bi lantalde antolatuko dira, eta herritarrek bietako zeinetan parte hartu nahi duten erabaki beharko dute. Aldundiak bilera arinak eta eraginkorrak egin nahi ditu. Izan ere, "erronka da bi gai horiek edonork ulertzeko moduan" planteatzea, "denek ekarpenak egiteko" aukera izan dezaten. "Aldundiak herritarrengana hurbildu nahi du eta halaber, gaiak ere herritarrei hurbildu nahi dizkie, arrotz ez izateko eta erraz ulertzeko" diote.

Batzar egunak eta tokiak

Gaurko Arrasatekoa, batzar errondako zazpigarrena izango da. Eta, ondoren, urriaren 3ra bitartean, beste hiru egingo dituzte, Hernanin, Tolosan eta Donostian, azkena.

  • IRAILAK 17: AZPEITIA, San Agustin Kulturgunea.

  • IRAILAK 18: ZARAUTZ, Antoniano Ikastetxea.

  • IRAILAK  19: BEASAIN, Igartza Jauregia.

  • IRAILAK 20: EIBAR, Armeria eskola.

  • IRAILAK 24: ERRENTERIA, Merkatu zahar.

  • IRAILAK 25: IRUN, Amaia antzokia.

  • IRAILAK 27: ARRASATE, Kulturate.

  • URRIAK 1: HERNANI, Biteri Kultur Etxea.

  • URRIAK  2: TOLOSA, Kultur Etxea.

  • URRIAK  3: DONOSTIA, Foru Aldundiko jauregia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak