Zer moduz Jabi?
Pozik, azkenean berri on bat! Hasieran, poza barruraino sartuta, ezin genuen ia sinistu ere egin; baina Josu dagoen moduan egonda, ez zegoen beste aukerarik.
Zer moduz dago bera?
Goizean goiz lanera etorri behar izan naizenez, ezin izan naiz berarekin zuzenean egon oraindik, baina pozik dago bera ere eta aurrera egiteko gogoz.
Nolako gaua pasa duzu?
Esnatuz eta buruari bueltak emanez. Emandakoa urrats garrantzitsua da, baina bere gaixotasuna da benetako arazoa. Nola zainduko dugun, zenbat jende beharko dugun horretarako, nola antolatuko garen… hori guztia pentsatzen aritu naiz.
Tratamenduarekin jarraituko du, ezta?
Bai, baina tratamenduarekin jarraitu ahal izateko indarrak hartu behar ditu. Izan ere, oso ahul dago uneotan; laguntza behar du jaikitzeko, ibiltzeko… Gogortu egin behar da aurrena eta horretarako denbora beharko du. Nahiago nuke bihar bertan etxean izango dugula esan, baina ez dut uste egun batzutako kontua izango denik, luze joko duelakoan nago.
Irteteko moduan izaten denean, Arrasatera etorriko da?
Bai, Arrasateko etxea gertu dago, noiz etorriko zain gaude. Ikusiko dugu nola antolatzen garen senitarteko eta gertuko lagunen artean, Josu bakarrik ez uzteko.
Baldintzapeko askatasuna eman diote. Zeintzuk dira baldintzak?
Ezingo da Arrasatetik atera baimen barik, debekatuta izango du biktimekin harremanak izatea eta ezingo du ez manifestazioetan parte hartu ez edozer gauza esan.
Josuk berak eskerrak eman dizkio Euskal Herriari. Familiak zerbait esan nahi du?
Bai, familiakook gogora erazi nahi dugu osasun egoera larrian dauden beste 13 preso daudela oraindik, ez Josu bezain larri, baina larri. Eta euren egoera Josurena bezain larria izatera ailegatu daiteke zaindu ezean, eta kartzela ez da gaixoak zaintzeko lekua. Borrokan jarraitu behar dugu eurak ere kalera ateratzea lortzeko.
Hori batetik. Eta bestetik, guk ere eskerrak eman nahi ditugu ikaragarriak izan direlako jasotako laguntasuna eta elkartasuna. Indarra eman digu horrek. Eskerrik asko!