LAB sindikatuak "estatuaren erreforma estruktural eta basati baten aurrean" gaudela salatu du: "Ez dira neurri koiunturalak, ezta fase ekonomiko batean soilik aplikatzeko neurriak ere. Estatuaren eredua aldatzeko erreformak dira".
Ildo horretatik, kritikatu dute estatuaren "zeregin bakarra ekimen pribatuari laguntzea eta kontrol soziala bermatzea" izango dela aurrerantzean, hainbat bide erabiliz: "Sektore publikoa suntsitzen ari dira, langileen lan baldintzei eta negoziazio kolektiborako eskubideari erasotuz; hartzen dituzten neurriekin, gutxi batzuek ondasunak metatzen eta gehiengo sozialaren kontura espekulatzen jarraitzea ahalbidetzen dute; enplegua suntsitzen dute, lan erreformen bitartez; mendekotasun egoeran dauden pertsonen eskubideak murrizten dituzte –emakumeenak, bereziki; eta esparru juridiko-politikoaren eraldaketa inposatzen dute dekretuz, erabat zentralizatua eta uniformizatua dagoen eredu bat ezartzeko, politika propioak aplikatzeko bidea erabat itxiz".
"Politika neoliberaletik ultraneoliberalera"
LABeko ordezkarien esanetan, "krisi hau ekarri duten politika neoliberaletatik oraingo egoera –langabezia, bazterketa soziala eta pobrezia– betikotu duten politika ultraneoliberaletara pasatu gara".
Erreforma hauekin hazkundea ezinezkoa dela gehitu dute: "Soldatak eta prestazioak murrizten ari dira, prezioak igotzen ari diren bitartean, eta ez da bermatzen oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko bidea; hori pobreziaren sinonimoa da".
"Euskal gizarteari dagokio erabakitzea"
Egoera honen aurrean, langile-klaseari eta gizarte osoari kalera ateratzea dagokiola azaldu dute sindikatutik, "krisiaren ez-irteera gaitzesteko eta aldaketa erradikal bat eskatzeko politika publikoetan".
Euren esanetan, badago bideragarria izan daitekeen alternatibarik, baina horretarako hiru erabaki hartu behar dira: "Espainiar Gobernuaren erreformak ez aplikatzea, euskal instituzioen aurrekontu publikoetan ezarritako murrizketak baliogabetzea eta plan instituzional berri bat jartzea mahai gainean". Eta azken horrek lau zutabe izan beharko lituzke, euren hitzetan: "Justizia fiskala, zerbitzu publikoen sistemaren garapena, euskal finantza-sistema publiko baten sorrera, eta enplegua sortzeko plan erreal bat eta gutxieneko errentaren bermea".
Lor daitekeen alternatiba erreala deritzo horri LABek eta eskatzen du "euskal gizarteak erabakitzea horren eta krisitik ez irtetea erabaki duen Estatu baten mende jarri eta hor uniformizatzearen artean".
Horretarako, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan kontsultak deitzea aldarrikatu dute sindikatuko ordezkariek. "Aplikatzen dut derrigorrezkoa delako jarreratik Ezin ditut erreforma hauek aplikatu, euskal gizarteak gaitzetsi dituelako dioen jarrerara pasatu behar dugu", euren hitzetan. Horregatik guztiagatik, hilaren 26ko greba orokorrarekin bat egiteko eskatu dute.