Diseinua eta kooperazioa: gradu amaierako proiektua Pakistanen

Goiatz Arana Begiristain 2012ko irailaren 12a

Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren eta Felix Baltistan Fundazioaren arteko elkarlana aurrera doa. Aurtengoan, Hushe bailarako komunen eta sukalde-berogailuen diseinua hobetzeko  proiektua burutu da. Nahia Belloso, Industri Diseinu eta Produktu Garapeneko Ingeniaritzako ikasle nafarra, urtebeteko iraupeneko gradu amaierako proiektua lantzen ari da. Pakistanen hilabete pasa ondoren, proiektuko azken fasea fundazioko bulegoan egingo du berriro ere.

Hushen egindako lanari buruz kontatu duenez, helburua izan da baltien higienea hobetzeko aurrerapausuak ematea. Komunitateko emakumeen eskaerari erantzunez, fundazioko osasun eta azpiegitura taldekoek bio-eraikuntzan eta teknologia egokietan oinarrituriko bi prototipo eraiki dituzte: sukalde-berogailua eta komuna.

Sukalde-berogailua

Alde batetik Rocket berogailuan oinarrituriko sukalde berri bat diseinatu eta eraiki dute. Janaria sukaldatzeko zein etxea berotzeko ahalmena du sukalde horrek. Gainera tenperatura altuko barne errekuntzari eta bere inertzia termiko handiari esker, egur kontsumo urriko estufa da.

Nahia Bellosok azaldu duenez, "estufa horri esker, baltiek –gehienetan, emakumeek– egur gutxiago garraiatu beharko dute inguruko mendietatik etxera; eta era berean, egunero arnasten duten sukaldeetako ke beltzak desagertuko dira, sukaldeetan dauden ume eta emakumeen bizi itxaropena areagotuz".

Sukalde-berogailua amaituta eta erabiltzen.

Komuna

Komunari dagokionez, hondakin soolido eta likidoak bereizten dituen komun lehorra instalatu dute, eta urarekin garbitzeko aukera ematen duena, era berean. Egun dauden infekzio kopuruekin larriturik eraman dute aurrera proposamena. Eraiki duten komun lehorrak hondakin likidoak biltzeko eta arazteko sistema du, horiek direlako hepatitisa bezelako gaitzak kutsa ditzaketenak. Ondakin solidoak,ordea, sei hilabetez gordetzen dira depositu bikoitzeko gordailuan, ondoren konpost gisara erabili ahal izateko.

Komun lehorrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak