"Krisiak krisi", gazte txokoek datorren astean ekingo diote ikasturte berriari

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko irailaren 11

"Nerabezaroa krisi garaia da eta guk 12-17 urteko gazteekin batera lan egiten dugunez, ohituta gaude krisi giroan lan egiten. Krisia, baina, aukera moduan ulertzen dugu! Malko eta barre ugariz lagunduta eta adin tarte honi bere garrantzia aitortuz, fruitu politak jaso baititugu azken urteetan". Ilusioz jositako adierazpenokin ekingo diote ikasturte berriari Arrasateko gazte txokoetako hezitzaileek.

San Andres, Musakola eta Erguingo gazte txokoetako ateak hilaren 18an irekiko dituzte (17:00-20:00) eta Erdigunekoa, berriz, irailaren 21ean zabalduko dute (18:00). Erdiguneko gaztegunea egubakoitz, zapatu eta domeketan egongo da zabalik aurten ere, aste bukaeretako hutsunea betetzea helburu.

"Gazteengandik gauza berriak ikasteko gogoz"

2012-2013 ikasturtean ere Arrasateko gazte txoko eta gaztegune ezberdinek ateak irekiko dituzte. Jakina denez, 12 eta 17 urte bitarteko gazteek euren lekua sor dezakete, euren aisialdia antolatu edo baliabide ezberdinak erabili.

Hezitzaile taldea ere gogotsu dator: "Ilusioz ekingo diogu lanari, gazteekin batera eta gazteengandik gauza berriak ikasteko gogoz, auzoak biziberritzeko asmoz eta gure lan hezitzailean sinistuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak