Fiskaltzak erabakia Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak osoko bileran hartzea nahi zuen. Kontserbadoretzat jotzen diren epaileak dira nagusi osoko bilkuran, eta pentsa zitekeen han zailago izango zela Uribetxebarria aske uztea. Berez Lehen Salari dagokio, ordea, Arrasateko presoaren gaineko erabakia hartzea eta hala izango da.
Jose Luis Castro epaileak abuztu amaieran Uribetxebarria ofizialki baldintzapean libre uztea erabaki arren, arrasatearrak preso jarraitzen du, hirugarren graduan, erietxean, epaia ez delako irmoa. Halaxe jarraituko du Lehen Salak behin betiko erabakia hartu arte. Horretarako ez dauka epe jakinik.
"Egoera ezin da gehiago luzatu"
Herrira mugimendutik jakitera eman dutenez, minbiziaren efektuak gero eta agerikoagoak dira eta, ondorioz, Arrasateko presoaren osasun egoerak nabarmen egin du okerrera: ez da ohetik altxatzen eta 47 kilo eskasetan dago.
Osasun egoera horretan dagoen eta hiltzera doan pertsona batek legez eta eskubidez aske beharko lukeela gaineratu dute mugimendutik: "Josu Uribetxeberriaren egoera luzatzeak sufrimendua, tragedia eta oinazea besterik ez dakar. Giza eskubideen errespetua gailendu eta mendekua alboratzeko garaia da. Uribetxeberriak aske behar du, egoera ezin da gehiago luzatu. Pertsona bat hiltzen ari da eta espetxean ematen duen minutu bakoitzak heriotza hori azkartzen du".
Horren berri emateko helburuarekin, Herrira mugimenduak elkarretaratzea egingo du bihar, eguaztena, Donostia Ospitalean, 17:00etan.