Euskal Herriko Historialarien III. Biltzarra egingo duzue oraingo barikuan hasi eta hurrengo bi asteburuetan. Hirugarren biltzarra da aurtengoa. Aurrekoak non egin dira?
Lehenengoa Bianan egin genuen eta iaz Oñatin. Bianan, lehena izanda, oso gai orokorrak landu genituen, begi irekiera moduko bat izan zen, gaiari hurbilketa bat. Iaz, ostera, batetik, gai nagusi horiek sakondu bai, baina, esaterako, 1200. urtean Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako lurraldeak konkistatu zituztenekoak aztertu genituen eta baita lurralde konkistatu horiek 1512an, Nafarroaren konkistan, ze paper jokatu zuten.
Ze ondoriotara ailegatu zarete aurreko biltzarretan?
Batez ere, biktima bat egin zela: Nafarroa. Argi geratu da ez dela egia anexioaren ideia, hau da, Nafarroak Gaztelarekin bere borondatez bat egin zuela. Mendeetan saldu digute konkista baketsu edo anexioarena. Eta, iaz, Oñatiko Biltzarrean, esaterako, argi geratu zen 1200ean ere konkista bortitza izan zela, hau da, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez zutela beren borondatez bat egin Gaztelarekin. Inon ez dago dokumenturik frogatzen duenik hiru lurraldeak beren borondatez Gaztelako Erreinuarekin bat egin zutela.
Zergatik sortu zenuten eta zeinen ekimenez?
Nabarralde elkartearen ekimenez. 1512ko lehia galdu genuen. Horrek ez du bueltarik. Baina ikusten genuen 2012koa aukera izan zitekeela historia eta garai hartako historiografia errepasatzeko, aztertzeko, eguneratzeko… Orain arte irakurketa bat ezagutu dugu, ofiziala, urteetan indarrean egon dena. Baina horri buelta eman nahi izan diogu. Azken urteotan idatzi dena aztertu nahi izan dugu, historiografia berri eta gaurkotua egiteko. Orain datoz beste erronka eta lehia batzuk: zela jendarteratu eta transmititu hau guztia, zela zabaldu eskoletan...
Zela egin transmisio hori?
Aldaketak sortzeko toki egokiena eskola da. Bertan sortzen dira hiritarrak eta iritziak. Gaur egun, zoritxarrez, erakusten den ikuspuntua okerra da, onartezina da.
Betetzen diharduzue helburua?
Erabat. Hirugarren kongresu hau bukatzen denean, 30 bat historialarik euren ponentziak gurekin kaleratuko dituzte. Gainera, baztertu ditugu anexio hitza, ituna, bat egite zoriontsu eta baketsua…
Aurtengo Biltzarra Arrasaten hasi eta Iruñean bukatuko da.
Bai. Aurrekoak Vianan eta Oñatin izan diren neurrian, aurten bi asteburutan egingo da, eta, gainera, toki ezberdinetan: Arrasaten, Leitzan, Agoitzen eta Iruñean. Krisiak ere izan du zeresana. Eta leku ezberdinetan izaki, multzoka antolatu dugu egitaraua. Arrasaten, esaterako, hizkuntzaren aldetik aztertuko ditugu konkistaren ondorioak: hizkuntzaren eremu murrizpena eta abar. Gazteluen suntsiketa ere aztertuko dugu Agoitzen eta Iruñean ondorio nagusiak, orokorrak.
Arrasaten hiru hizlari izango dira, ezta?
Bai. Iñaki Lasa, Koldo Zuazo eta Jean Louis Davant izango ditugu berbalari. Konkistak euskararen atzerapenean ze eragin izan zuen galdetu diegu hirurei, eta hori aztertuko dute ikuspuntu ezberdinetatik. Eta, ondoren, mahai-ingurua egingo dute Julen Arexolaleibak, Pako Aristik eta Josu Labinek, aurrekoek aztertutakoaren gainean.
Oñatin, iaz; Arrasaten, aurten. Bailara honetan egitea kasualitatea da?
Ez. Interes berezia erakutsi duzue bailara honetan Biltzarrarekiko. Erakundeen artetik laguntza eta harrera erabatekoa izan da. Gipuzkoa osoan ikusi dugu berebiziko interesa. Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko harremana historikoa da, beti egon dira lotura zuzenak.
Euskarari zela eragin dio konkistak?
Oso nabarmenki. Unean bertan ez zen horrenbeste sumatu, baina konkistak ekarri zuen mendekotasun bat, erabaki batzuk ekarri zituen atzetik, eta horren ondorioz etorri zen euskararen erabilera-eremuaren galera.
Aurten, Albako dukearen tropek Nafarroa konkistatu zutela 500 urte betetzen hasten dira. Bitzarraz gain, ze beste ekimen egiten diharduzue Nabarraldetik?
Nafarroa Garaiaren konkistak 18 urte luzeko gerra ekarri zuen eta 500 urte dira orain, gertaera konkretuena. Oraingo domekan, irailaren 9an, esaterako, betetzen dira 500 urte Nafarroako Estatuko azken herria, Tutera, erori zela. Hitzaldiak-eta egiten dihardugu guk, eta Nafarroa Bizirik taldeak ere hainbat ekimen antolatu ditu.
Eta Nafarroako Gobernuak?
Nafarroako Gobernuak 2012. urtea ospatu nahi zuen, baina ikusi zutenean jendeak apurka-apurka badiharduela benetan gertatu zena ezagutzen, erabaki zuen atzera egin eta ezer ez ospatu eta ezer ez haizatzea. Ohiko bertsio ofiziala zein den gogorarazten saiatzen dira ezelako eztabaidetan sartu gabe. Isilik daude.
Beti esan izan da historia garaileek idazten dutela...
Bai, garaileek idatzi dute kasu honetan ere, eta haiek kontrolatu, menderatu, izan dute historia eta beronen transmisioa eta tresnak. Oraindik ere haiek kontrolatzen dute.
Konkista honen eragin nagusia zein izan da?
Ekarri zuen, de facto, inoiz izan den euskal estatu bakarraren desagerpena. Horrekin batera guztia galdu genuen: hainbat erabaki hartzeko gaitasuna eta batez ere, beste estatu baten mendean egon beharra. Eta ondorioz etorri dira hizkuntzaren galera, gazteluen suntsiketan, kolonizazio kulturala…
Hizkuntzari dagokionez, zela baloratzen duzu gaur egungo Nafarroako Gobernuak euskararekiko daukan jarrera?
Tamalgarria. Iruñeko hiritarra naiz. Euskaraz lan eta bizi egiten duena. Eta Nafarroako gobernuaren erabakien biktima naiz. Hori sumatzen da telebista ikusten dudanean, irratia entzuten dudanean, medikuarengana noanean… alor guztietan. Nafar gobernuak euskarari gorrotoa dio eta ez du batere disimulatzen, gainera.
Euskara, Lingua Navarrorum?
Kuriosoa da, ezta? Auto-gorrotoan oinarritutako jarrera da Gobernuarena. Nafarroan pentsaezina da Pirinioak, Aralar, Osasuna edo sanferminak gorrotatzea, baina, tamalez, euskarari gorrotoa dio Nafarroako Gobernuak. Ez dakit zergatik dioten horrenbesteko beldurra.