Mondrako neskek galdu egin zuten ligako lehen partidua San Inaziorekin

Mireia Bikuña 2012ko irailaren 10a

Mondrako nesken futbol taldeak liga txapelketa hasi zuen atzo. San Inazioaren kontra jokatu zuten Mojategin eta galdu egin zuten: 0-2. Beroaren eraginez, nahiko luzea egin zitzaien partidua arrasatearrei, eta gainera, San Inaziok menderatu zuen lehia hasieratik. 

Bizkaitarrak hobeto

Lehenengo zatian bizkaitarrak izan ziren baloiaren jabe. Zelai erdiaren indartsu egin ziren, eta, ondorioz, jokoa kontrolatu zuten. Gainera, jokaldi azkar baten markagailuan aurreratu ziren. Hala, Ezkurraren taldeak aurrera egiteko ahalegina egin zuen. Gol aukera gutxi sortu zituzten, eta izandakoak ez zituzten aprobetxatu.
Bigarren zatia, gogo handiagoarekin hasi zuten arrasatearrek. Lehen bi jaurtiketak Mondrak egin zituen. Baina, berdinketa lortzetik, bigarren gola jasotzera pasa ziren. Berriro, jokaldi azkar baten eta Mondrako defentsari bizkarra hartuta, gola sartu zuen San Inaziok.

Gol hark min handia egin zion Mondrari. Ordu erdi zuten golen bat lortzeko, baina ez zuten asmatu. "Baloi bat langara bidali dugu, eta akaso, bigarren gola jaso ondoren, gehiago kontrolatu dugu partidua. Baina, ez dugu asmatu azken pasean eta atearen aurrean. Gainera, bero handia egin du eta ligako lehen partidua izanik, fisikoak kale egin digu", esan zigun bukaeran Andoni Ezkurra entrenatzaileak.

Hurrengoa Añorgan

Lehenengo partidua galduta, bigarrenean pentsatzen hasi dira Mondrako neskak. "Lasai egoteko esan diet. Liga hasi besterik ez da egin, eta badaukagu hobetzeko tarterik. Orain, hurrengo asteko partidua prestatzen hasiko gara", dio Ezkurrak.

Arrasatearrek Añorgaren kontra jokatuko dute ligako bigarren jardunaldia, Rezola futbol zelaian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak