Hizlarien maila altua nabarmendu zuten antolatzaileek historialarien biltzarraren lehen egunean

Julen Iriondo 2012ko irailaren 8a

Nabarraldek antolatuta, Kulturaten egin zuten egubakoitzean Euskal Herriko historialarien biltzarraren hirugarren edizioak izango dituen bost saioetan lehena. Hizkuntzaren galeraz eta eremu murrizketaz jardun zuten Iñaki Lasa, Koldo Zuazo eta Jean Louis Davantek, besteak beste.

"Antolakuntza aldetik oso gustura geratu gara. Aretoa bete egin da eta hizlarien maila oso altua izan da", zioen Angel Rekalde Nabarraldeko zuzendariak Euskal Herriko historialarien biltzarraren hirugarren edizioko lehen saioa, Arrasateko Kulturaten egindakoa, amaitu eta gero.
Hizkuntzaren galera eta eremu murrizketa izenburupeko saioan, hiru hitzaldi izan ziren aurrena. Kontseiluko Iñaki Lasak, adibidez, adierazi zuen hizkuntzen arteko orekak eta desorekak botere erlazioen araberakoak direla: "Hizkuntza bat normalizatzeko, botere harremanak sakonki aztertu behar dira".
EHUn katedraduna den Koldo Zuazok, berriz, bizkaieraren jatorriaz jardun zuen: "Bizkaian zegoela uste izan dugu, baina gaitza da hala izatea. Gauza asko Nafarroako ibar batzuetara ere iritsi dira, eta Bizkaitik hara joatea ezinezkoa da". Egun bizkaiera deitua Araban sortu zela dio Zuazok.
Jean Louis Davant idazle eta euskaltzainaren hitzaldiaren ondotik, mahai-ingurua egin zuten Pako Aristi idazleak, Josu Lavin linguistak eta Julen Arexolaleiba irakasle arrasatearrak.
Biltzarrak Leitzan jarraitu zuen zapatuan eta beste hiru saio izango ditu asteburu honetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak