Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Gobernuko Justizia ministroak adierazi du fiskalaren erabakia babestu egiten duela Justizia Ministerioak. Helegitea ondo argudiatuta dagoela esan du. Helegitearen arrazoia "fiskala presoa bisitatzera deitu ez izana" dela azaldu du Gallardonek.
Espetxe Zaintzako epailea Donostiako Ospitalean bildu zen onkologoekin eta presoarekin. Justizia ministroaren esanetan, ordea, Fiskaltzarentzat "ezinbestekoa" zen bisita horretan parte hartzea eta Justizia Ministerioak ere ulertzen du "Fiskaltzak prozesuko ekintza guztietan presente" egon behar duela.
Presoa berehala aske uzteko eskaera
Fernando Grande-Marlaska buru duen zigor salako lehen atalak aztertuko du helegitea, ez sala osoak.
Uribetxebarriari baldintzapeko askatasuna eman zion Castro Espetxe Zaintzako epaileak ostegunean, baina epaia irmoa izan arte ez dute libre utziko.
Arantza Aparicio abokatuak esan du epaia irmoa izan arte presoa baldintzapean aske ez uzteko erabakia "legez kanpokoa" dela. Presoa berehala aske uztea galdegin dute Etxerat-ek eta hainbat gizarte eragilek.