Monterron parkean filmak ikustea gustuko dutenek, irailean aukera dute oraindik ere; La Cazarrecompensas komedia eta La Edad de Hielo 4 animatua emango dituzte hilaren 7 eta 14an, hurrenez hurren. Biak ala biak 22:30ean hasiko dira. Ondoren, Amaia Antzokira itzuliko dira emanaldiak eta bertan Prometheus (irailak 22, 23 eta 24) eta Ted (29, 30 eta urriak 1) eskainiko dituzte. Haurrentzako zinea ere egongo da Amaian, La Edad de Hielo 4 (irailak 22 eta 23) eta Madagascar 3 (hilak 29 eta 30), biak 3 dimentsiotan gainera.
Zirkuaren maitaleek berriz, aukera polita dute hilaren 7an egubakoitza; izan ere, Txinatik Chongqing Zirkoak Arrasate bisitatuko du orduan. Herriko plazan izango da hitzordua, 20:00etan.
Bestalde, irailaren 14, 15, 16, 21, 22 eta 23an IV. Kulturate akustikoa egingo da, MobyDick, McEnroe, Smile, Songs of the Delta, Javier Corcobado eta Igor Arzuaga & Luis VII taldeen emanaldiekin.
Mugikortasun Astea ere egingo da irailaren 16tik 22ra bitartean. Egitarauaren barruan, birzikleta azoka, Segweyak, erakusketak eta bestelakoak prestatu dituzte.
Arrasate 1936: emakumea, gerra eta errepresioa dokumentala aurkeztuko dute irailaren 18an Amaia antzokian. Bi emanaldi egingo dira, bata euskaraz (19:00etan) eta gaztelaniaz bestea (20:30ean).
Azkenik, Kimu Berri erakusketa ere egingo da irailaren 20tik 23ra bitartean. Kimu Berri proiektuak, gazteria, kirol eta aisialdi gaietan ekintzailetasun gune bat sustatzeko xedea dauka. Kulturaten izango da hitzordua, 10:00etatik 13:00etara (astegunetan) eta 17:30etatik 20:30etara (egunero).