Hiru egun besterik ez Euskal Herriko historialarien III. biltzarrerako

Goiatz Arana Begiristain 2012ko irailaren 3a

Egubakoitzean izango da lehen saioa Arrasaten. Nafarroako konkistak eragindako hizkuntza galera eta eremu murrizketa izango dituzte aztergai bertan. Leitzan, Agoitzen eta Iruñean izango dira beste hiru saioak eta konkistaren beste ondorio batzuren gainean jardundugo dute horietan. Egitaraua ikusteko klikatu hemen.

Duela bi urte Vianan Nafarroaren konkistaren gaia eta duela urtebete Oñatin euskal lurraldeak eta nafar estatuaren arteko harremana aztertu eta gero, konkistaren ondorioez aritzeko momemtua iritsi da. Hilaren 7tik 16ra bitartean izango da hori, Arrasate, Leitza, Agoitz eta Iruñean, Albako dukearen tropek Nafarroa konkistatu zutenetik 500 urte bete direnean.

'Hizkuntzaren galera eta eremu murrizketa'

Arrasaten izango da historialarien biltzarraren lehen saioa; hizkuntzaren galera eta eremu murrizketaren gaiarekin etorriko dira gurera.

Hitzaldiak izango dira lehenik, Nafarroak euskararen bilakaeran izandako eragina edota konkistaren ondotik Nafarroa Garaian eta Beherean euskararen egoera nola aldatu den aztertzeko; Iñaki Lasa, Koldo Zuazo eta Jean Louis Davant izango dira hizlariak. Eta gero, gogoeta sakona eginez, historiatik gaur egunera ekartzeko, mahai ingurua izango da, Josu Lavin, Pako Aristi eta Julen Arexolaleibarekin.

Leitzan, Agoitzen eta Iruñean 

Biltzarraren bigarren saioa Leitzan izango da, hilaren 8an, 'Gaizkileen Muga' izenburupean; Gazteluen suntsiketaz jardungo dute 14an Agoitzen; eta ondorio orokorrei buruz 15ean Iruñean. Biharamunean, irailaren 16an, itxiko dute biltzarra Iruñean bertan.

Parte hartzeko

Izena emateko epea eguenera arte egongo da zabalik eta bi bide daude horretarako: 948 21 10 57 edo edizioa@nafarroa.biz. Saio bakarrean parte hartzeko 20 euro ordaindu beharko dira; eta biltzar osoan esku hartzeko, 60. Horrez gain, programa sozial bat eramango dute aurrera, lan akademikoaz haratago gertaera jendeari hurbiltzeko.

Aurkezpen ekitaldia

Goizean egin dute aurkezpena Arrasaten. Bertan, Nabarraldeko zuzendari Angel Rekaldek biltzarraren dimentsio akademikoa eta laguntzaile kopurua azpimarratu ditu. Biltzarrerako irrika agertu du Xabier Zubizarretak, duela pare bat urte herriko historian arakatzeko helburuarekin sortutako Sustraiak Errotuz taldearen izenean; eta Arrasaten, zehazki hizkuntzaren gaia jorratzearen egokitasunaz ere hitz egin du Zubizarretak, kontuan izanik azken urteetan lan handia egin duela Arrasatek euskararen alde. Kepa Urteaga Kultura zinegotziak ohorea dela gehitu du, Udalaren izenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak