La Banda del Abuelo: "Errespetagarriak izateko, hor dago Alderdi Popularraren gazteria"

Ander Monedero 2012ko ira. 5a, 02:00

10 urteren ostean, Arrasateko La Banda Del Abuelo taldeak zirikatzen eta gustuko ez dituenak salatzen jarraitzeko gogoarekin jarraitzen du. Aurten, urteurrena ospatzeko, La sed del fuego izeneko lana kaleratu dute. Lan berria hobeto ezagutzeko, Josu taldekidearekin hitz egin dugu.

Aurten hamar urte bete dituzue. Nolakoa izan da zuen ibilbidea?

Batzuetan gogorra da, baina polita ere bai, bizitza bezalakoa da rock talde bat.

Hirukote moduan hasi eta urte gutxira Aner sartu zen taldean. Zaila izan al zen didjeridua rock talde batean integratzea?

Haiziaren seme txirikaua mundiala da. Harekin zailtasun hitza ez da existitzen. Hari berdin dio harmonika, didjeridua, suge elektrikoa edo edozein tramankulu jotzea. Izan ere, musika darama odolean. 

Hirugarren diskoa kaleratu berri duzue. Grabazio digitalaz aparte, ze berritasun sartu duzue La sed del fuego diskoan? 

Baxuari lehenengo aldiz wah-wah efektua sartu diogu; didjeridua bi abestiren bizkarrezurra da; gitarrak laukoiztuta daude; eta biolontxelo eta irlandar gaita ere sartu ditugu. Yeska eta Marea taldeetako abeslariek kantu pare bat abestu dituzte. Hiru abestitan Antonio Belarte Sorkampana poetaren hitzak eta ahotsa erabili ditugu. Orokorrean, taldearen soinua sendoagoa da eta abesti borobilagoak direlakoan gaude, baina hori entzuleek esan behar dute, ez guk!

Zuen hitzak zuzenak eta gogorrak izaten dira eta ironia ere erabiltzen duzue. Askotan, rock taldeek ez dituzte horrelako hitz landuak egiten. Zuen ustez, musika bezain garrantzitsua da abestietan esaten duzuena?

Kontuz ibili behar da, 15 urteko mutiko bati ezin diozu esan: "Zure buruaz beste egin...". Edo: "Ekin gogor droga gogorrak hartzeari". Ezkortasuna, etengabeko hedonismoa eta autosuntsiketa baztertu behar ditugu. Badago etorkizuna eta hori borrokarekin, konpromisoarekin eta lanarekin lortzen da. Etorkizuna idazteke dago, baina guri dagokigu idaztea. 

Democracia Far West-ek pil-pilean dagoen gaia jorratzen du.

Demokrazia baino gehiago, Plutokrazia dirudi: boteretsu, narrusendo eta lotsagabeen etengabeko latrozinioa, hain zuzen ere.

Zer da Culo de luciérnaga?

Diskoaren lehenengo kantua, Mareako Kutxik abesten duena. Abestian probokazio eta poesia apur bat daude. Rock-and-rollak probokazio kutsu bat izan duela ahazten zaigu: Rolling Stones, Sex Pistols... gustuko ditugun rock taldeak probokatzaileak eta zirikatzaileak ziren. Errespetagarriak izateko hor daude Alderdi Popularraren gazteria edo Benedikto XVI.aren jarraitzaileak! 

Hiru disko eta bost bideoklip, denak autoekoiztutakoak. Do it yourself filosofia duzue.

Baten batek zure lokaleko txirrina jotzen duen zain bazaude, jai daukazu. Bizitza motza da, eta abesti baten esaten dugun moduan: "Basurde bat daramagu geure bihotzian, baimenik ez dugu biher, lokatzetan dantzan".

Spotify, Grooveshark... eta horrelako musika plataformek diskoetxe txiki eta ertainetan baino banaketa handiagoa eskaintzen dute. Munduko Internet erabiltzaileen eskura zaudete.

Poeta batek esan zuen moduan: "Mundua arrotza eta zabala da". Beharbada, zure herrian bertan inork ez daki existitzen zarenik, eta, aldi berean, Huelvako herri xume baten, erdaldun bat badabil zuk euskaraz konposatutako kantuak abesten. Harrigarria da.

Gaur egungo musikaren egoera ikusita (musika aukera asko, industriaren krisia...), underground eszenan zaudeten taldeentzat zaila al da ezagutzera ematea?

Ezagun izan nahi baduzu, rock-and-rolla egitea baino hobe da El conquistador-eko casting-ean parte hartzea. Ezaguna izatea, gainera, tonto bihurtzeko lehengo urratsa izaten da. Ezezagunak nahita, harro eta betiko!

Etorkizun hurbilerako proiektu gehiago dituzue? Ala diskoa zuzenean aurkezteko garaia da?

Culo de luciérnaga bideoklipa sare sozialen bidez ezagutarazi nahi dugu, eta gero, urrian, La sed del fuego abestiaren biodeoklipa egingo dugu: Dead man western filmaren omenaldi xume bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak