Zergatik aukeratu zenuen Aikidoa? Zerk erakarri zintuen?
17 urte nituela hasi nintzen borroka-arteak ezagutzen eta batzuk ezagutu ostean konturatu nintzen Aikidoa zela gehien gogobetetzen ninduena. Oso erraza da, edonork egin dezake. Gainera, osasun fisikoa zein psikikoa hobetzen laguntzen du. Hau da, gorputzeko atal eta organo ezberdinak lantzeko ariketa fisikoak eskaintzen ditu eta baita meditaziorako ariketak ere.
Ez du lehiakortasuna bultzatzen –pertsona guztiak ez dira gai lehiatzeko–. Lehiatzeko gai ez direnendako aukerak ematea garrantzitsua dela deritzot. Hala, Aikidoak norberaren burua gainditzen eta hobetzen laguntzen du.
Eguenean ate irekiak izango dira Musakolako kiroldegian. Zein da jardunaldi horren helburua?
Aikidoa ezagutaraztea da helburu nagusia eta hainbat aurreiritzi ezabatzea. Esan dudan moduan, borroka-arteen barruan dagoen arren, ez dago lehiakortasunik. Defentsan oinarritutako artea da eta horregatik modu batera esan daiteke ahulendako dela. Klaseak irailean hasiko dira eta beraz, diziplina honek zertan datzan azalduko zaie datozenei. Horrez gain, haur eta gurasoen arteko harremana lantzeko beste era bat ere eskaintzen du. Kirol osatua da eta horregatik probatzera gonbidatu gura zaituztet. Parte hartzeko egin behar den bakarra da eguenean 18:00etan kiroldegira agertzea, arropa erosoarekin eta izerditzeko asmoz.
Nolako harrera dauka Aikidoak Arrasaten?
Ez du jende asko erakartzen baina gero eta gehiago dabiltza. Ikasturtez ikasturte hobera egiten du parte-hartzeak eta hori poztekoa da. Gure taldeak borroka-arteak bultzatu gura ditu eta arte bakoitzak dituen balioak ezagutzera ematea.
Zerbait gaineratzerik nahi?
Eskerrak eman gura ditut. Parte hartzen dutenez gain, Udalari eta Aukeari, euren laguntza barik ez zelako posible izango. Eta herritarrei Aikidoa ezagutzera animatzen diet.