"Ostiralerako (irailaren 21), aspaldiko bi lagun, bi zakur zahar gonbidatu ditugu. Donostiako auzuneetako Nuevo Catecismo Catolico taldeak 20 urte bete ditu punk-rocka, power-popa, hard-rocka eta rock onena sinesgarritasunez eta duintasunez lantzen. Urteurren berezia dela-eta, hainbat argitalpen prestatu dituzte eta, aspalditxoan zuzenean gutxitan aritzen badira ere, ezin izan diote Arrasateko ikusleei aurre egitearen aukerari muzin egin", adierazi dute antolatzaileek.
Lobo Electrico
Bestalde, Tolosako Santi Iribar "showmana lemazain duen barku pirata" ere ekarriko dute gaztetxera egubakoitzean: Lobo Electrico. "Rock klasikoenaren eta gordinenaren itsasoetatik barrena joateko, marinel guztiek izerdia barra-barra emango dute... baita zuk ere!"
Zapatuan, "errebelde gaua"
Eta asteburua erabat betetzeko, zapaturako, berriz, Iheskide eta McOnak taldeak iragarri dituzte. "Bi talde gazteago baina era berean indartsu eta sasoitsu izango ditugu. Elorrioko Iheskide taldea gogotsu dago Arrasatera itzuli eta '... irabazi arte!' diskoa aurkezteko. Rock matxinoaren gerrilariek irailaren 22koa punk-rock errebelde gaua bilakatuko dute. Eta beraiekin batera, Fiachras taldearen eskolan hazitakoa dirudien McOnak talde berria, Lekeitio ingurukoa. Punk-rocka gustuko badute ere, folk taberneroa eta countrya ere lantzen dituzte, saxo eta txirularekin lagunduta. Xenpekin grabatutako lana aurkeztuko dute".