Karroart: Eskuekin kontatutako Txinako hiru istorio gomendagarri

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2012ko irailaren 2a

Garai bateko komedianteen itxura hartuaz antzezten du Gustavo eta Negro Dizarrok argentinarrek osatutako La Mosquitera bikoteak Karroart lana. Orduan herririk herri garraiatzeko erabiltzen zuten gurdia, eszenatokia da berriz Bartzelonan bizi diren bi artistentzako. Gaur, domeka, 4 emanaldi egin dituzte eguerdian; eta beste sei egingo dituzte, arratsaldeko 18:00 eta 21:00 bitartean, Seber Altuben.

Gurdiaren barruan, 30 lagunen aurrean egiten duten hogei minututako emanaldi bakoitzean, Txinako hiru ipuin klasiko kontatzen ditu Dizarrok eskuekin; antzezlanak ez du-eta, Negro aurkezlearen azalpenez gainera, beste berbarik. Ikusleak baina, ez du hitzen beharrik, samur ulertzen dira sukaldariaren, bizarra moztu nahi duen eta estralurtarra protagonista duen istorio bakoitza; horiek guztiak sand-art (harearekin egindako irudiak) eta txinatar-gerizpeen teknikarekin baliatuz. Ikusleen jarlekuen parean dagoen pantailan erakusten ditu maisuki Dizarrok eskuekin kontatutako istorioak aproposa den musika instrumentalaren laguntzarekin.

Antzezleek baina ikuslea ere protagonista bihurtzen dute, besteak beste, antzezlanaren hasieran banatzen dituzten kristal bariko betaurreko barregarri eta koloretsu batzuk janzteko gonbitea eginez.

Barrukoa ikusita baina, merezi du guardiaren kanpoaldean ere une batez geratzea eta lasai begiratzea atrezzo moduan jarritako garai bateko gramofono, argazki, erloju, maleta, kutxa edo beste hainbat tramankulu bitxiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak