Epaileak "arrazoi humanitarioak" argudiatu ditu Arrasateko presoa libre uzteko, "pertsonen duintasuna" mantendu behar dela eta baita "duintasunez hiltzeko eskubidea" ere. Horri gehitu dio Uribetxebarriak delituak egiteko "arrisku txikia" dagoela. Hala ere, aske ateratzeko baldintzak jarri dizkio: ezingo du biktimen eta haien familien etxebizitzetara gerturatu, "indarkeria goratzen den edo zilegitasuna ematen zaion manifestazioetan modu aktibo edo pasiboan" parte hartzea debekatu dio, eta baita "zentzu horretako" adierazpenak egitea ere.
Castrok hartutako erabakiaren kontrako helegitea jartzeko aukera dute orain aldeek, eta jartzen badute, Zigor Salak hartuko du behin betiko erabakia. Bost lanegun dituzte helegitea jartzeko –datorren ostegunera arteko epea–. Jartzen ez badute, epaia irmoa izango da, eta jartzen badute gehiago luzatuko da behin betiko erabakia hartzeko epea. Fiskaltza Uribetxebarria libre uztearen kontra azaldu da aste honetan.
"Modu konplexuan" artatu beharko da presoa
Espainiako Zigor Kodearen 92. artikulua aplikatu du Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Castro epaileak, Uribetxebarria aske uzteko. Artikulu horrek argi esaten du gaixotasun larriak dituzten presoek baldintzapeko askatasunerako eskubidea dutela, "jasankizun sendaezinak" baldin badituzte. Eta Uribetxebarriaren egoera hori dela diote Osakidetzaren mediku txostenek eta auzi-medikuarenak. Atzera bueltarik ez duen minbizia dauka, metastasiarekin. Biriketan bi nodulu topatu dizkiote eta buruan beste bat. Erradioterapia tratamendua hartzen ari da. Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan du "modu konplexuan" artatu beharko dela presoa. "Espetxe ingurune batean, ziurrenik, ez dira betetzen konplexutasun horrek eskatzen dituen baldintzak". Leongo ospitalean egon zen Donostiakora etorri aurretik; hara eraman zuten uztailaren 20an, Mansilla kartzelatik.
Etxeratzekotan, Arrasatera
Josuren anaia Jabik azaldu digunez, Arrasatekoak erradioterapia tratamendua hartzen jarraituko du aste honetan eta hurrengoan eta, hortik aurrera, ikusi egin beharko da medikuek zer esaten duten. Edozein kasutan, baldintzapeko askatasuna emateko erabakia berresten bada, plantako gela "normal" batera lekualdatuko dute eta kendu egingo diote egun bere gela zaintzen duen eskolta. Presoa baldintzapeko askatasunean kaleratzeko erabakia behin-betiko bihurtu eta ospitaletik irteteko moduan izanez gero, Arrasatera etorriko da. Hala jakinarazi digu Jabi Uribetxeberriak.
Hautsak harrotu ditu auziak
Ez da egun batetik bestera hartutako erabakia izan, epaileak hilabete behar izan du horretarako. Uribetxeberriak abuztu osoa eman du erietxean eta bitarte horretan, bere egoera okertzea ekarriko zuela jakin arren, gose-greba ere egin du, "duintasuna" mantentzeko.
Hautsak harrotu ditu auziak, eta Castro epailea Donostiara etorri zen erabakia hartu aurretik, presoarekin berarekin eta haren medikuekin aurrez aurre egotera. Izan ere, Uribetxebarriak barauari ekin zionean, bide bera hartu zuten Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide diren preso gehienek. Eta bien bitartean, askotariko mobilizazioak egin dituzte Arrasaten eta Euskal Herriko hainbat tokitan. Horiei erantzunez eta Uribetxeberriaren baldintzapeko askatasunaren kontra presio egiteko, ETAren biktima eta elkarte batzuek ere burutu dituzte protesta ekitaldiak.
Uribetxebarriari hirugarren gradua ezarri zion Espetxeetako Zuzendaritza Idazkari Nagusiak, Donostia Ospitaleko eta Zaballako espetxeko mediku txostenetan oinarrituta, baina hori ez zuen nahikotzat jo presoak, gaixotasun larria duenez aske egotea dagokiolako.
Jabi Uribetxeberria anaiak jasotako elkartasuna eta maitasuna eskertu ditu.