Bestalde, domeka goizean auto karabana egingo dutela iragarri dute eta, ondoren, baraualdia amaitzeko, 19:00etan elkarretaratzea plazan.
Horretaz gain, atzo, ibarreko hainbat herritan protesta ekimenak burutu zituzten hainbat herritarrek, preso arrasatearraren egoera salatu eta aske uztea eskatzeko. Era berean, gaixo larri dauden euskal presoak askatzeko eskatu zuten.
Arrasaten, esaterako, 800 pertsona baino gehiagok hartu zuten parte manifestazioan, Herrirak berri eman duenez. Manifestazioaren amaieran, 15 lagunek hasi zuten baraualdia Arrasateko udaletxean. Era berean, Uribarri auzoko jaietako bertso saiora joan ziren Uribetxeberriaren gaineko berri ematera.
Bergaran, ostera, 100 bat lagunek eskatu zuten Uribetxeberria aske uztea, herriko kaleetan barrena.
Euskal preso politikoekiko elkartasuna Saharatik
Bestalde, Herrirak, Mohamed Barkan Saharako preso politiko ohiaren gutuna helarazi du hedabideetara. Bertan, Josu Uribetxeberria aske uztea eskatzen du, besteak beste.
Hona hemen gutuna, osorik:
"Mohamed Barkan dut izena, Saharako preso politiko ohia eta Talde Mediatikoko kidea. Laayouneko lurralde okupatuetatik nire elkartasuna adierazi nahi diet Josu Uribetxeberriari eta borrokan diren euskal preso politiko guztiei. Espainiar eta frantziar gobernuei preso politikoen aldarriei erantzuteko deia egin nahi diet, gaixo diren presoak askatuz.
Mendebaldeko Saharan (lurralde okupatuetan) ongi ezagutzen ditugu marokoar espetxeetan jasaten diren eskubide urraketak. Espetxean eman nuen denboran, bi gose greba burutu nituen gure bizi baldintzak hobetzeko esperantzarekin. Lehen gose greban, tratu txarrak amaitzea, osasun arreta duin bat izatea, ikasketa eskubidea bermatzea eta senideen bisitak eduki ahal izatea eskatzen genuen.
Gure aldarrikapenak beteko zirela zin egin ziguten arren, egoera luzatu egin zen. Bigarren gose greban, espetxe barruan aurkitzen ginen preso politikoak elkartzea lortu genuen. Estatuek, haien eskubideak aldarrikatzen dituzten pertsonen kontra erabiltzen dituzten mendeku neurriak aski ongi ezagutzen ditugu zoritxarrez.
Nazioarteko erakundeek Estatu espainol eta frantziarra interpelatu beharko luketela deritzot, preso politikoen giza eskubideak bermatu ditzaten.
Nire desioa, Euskal Herrian atxiloketa politiko oro amaitzea da, eta munduko herri guztiei zor zaien autodeterminazio eskubidea eskuratzea.
Saharatik, besarkada iraultzaile bat Josu Uribetxeberria eta borrokan diren euskal preso politiko guztiei.
Presoari askatasuna eta esperantza desagertuari. (Saharako esaera zaharra)".