Preso dauden gaixo larriak aske uzteko etengabe exijitzen jarraituko dutela azaldu du: "Mendeku politika alde batera utzi eta bete dezatela beraien legedia", esan du. Era berean, jendea mobilizatzen jarraitzera animatu du, "halaxe lortuko baitugu espainiar justiziak bere legedia, preso gaixo larri guztiekin, salbuespen barik, betetzea".
Minbizia duela zazpi urtetatik
Egindako adierazpenetan, Azkarraga-Urizarrek gogora erazi du duela zazpi urte diagnostikatu ziotela minbizia Josu Uribetxeberriari eta, Espainiako legediaren arabera, gaixotasun larri eta sendaezina izanik, Arrasateko presoak aske behar lukeela garai hartan. "Baina eskubidez eta legez aspaldian kalean egotea dagokion arren, zazpi urte pasa ditu, espetxeko baldintza gogorretan, bere gaitzari aurre egin guran", gehitu du.
Espetxean jarraitzeak bere bizitza arriskuan jartzen zuela jakinik, Arrasateko Udalak bere askatasuna eskatzeko konpromisoa hartu zuen maiatzaren 2ko plenoan mozio bat onartuta. Bilduk, Aralarrek eta EAJk egin zuten Uribetxeberria berehala aske uztearen alde.
"Euskal Herri osoa mobilizatzen"
Gerora etorri ziren Leongo espetxeko zuzendariarekin biltzeko saiakerak, aske uzteko eskatzeko martxa eta beste hainbat ekimen. "Eta Arrasate ez ezik, Euskal Herri osoa ere erlojuaren kontra ari da mobilizatzen, maiatzean zituzten aurreikuspenak bete egin direlako", Arrasateko alkatearen hitzetan: "Ordurako larri zegoen osasunez eta orain, 4 hilabeteren ostean, Iosuren egoera muturrekoa da. Eskandalagarria da, gaur egun, halako gaixotasuna duten 14 pertsona espetxean irautera behartzea, legeak berak askatasuna aitortzen dienean. Bizitza duin bat soilik beraien etxean egin dezaketela egiaztatuta dagoenean".
Zapaturako manifestazioa deitu dute, Donostian.