Manifestazioa deitu dute zapaturako Donostian, gaixo dauden presoen alde

Goiatz Arana Begiristain 2012ko abuztuaren 30a

Audientzia Nazionalak Arrasaterako martxa debekatu eta gero, martxaren deitzaileek eurek egin dute deialdi berria: 'Aulkien martxa' egingo dute, 'Gaixo dauden presoen giza eskubideen alde' lelopean. Manifestazio isila izango da, zapatuan, 17:30ean; Antiguoko tuneletik aterata. Autobusa antolatu dute Arrasatetik joateko.

Arrasatera arteko ibilbidea osatuz egin asmo zuten martxaren debekuari emandako erantzuna ez da horretan geratu, ordea: Donostia zeharkatu zuen atzo, eguaztena, Josu Uribetxebarria zein gaixotasun larriak dituzten beste hamahiru presoak askatzeko aldarrikapenak, aulki bat eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala eskuz esku eramanda.

Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, gogoratu du debekatutako martxa deitu zuten pertsona berberek eta helburu berberarekin egin dutela deialdia, eta Auzitegi Nazionalak orain arteko jarrera "irmoarekin" jarraituko duen esperantza agertu du.

Arrasateko alkateak eta Gobernu taldeko zenbait kidek Donostiako Ospitalerako bidea hartu dute gaur, eguena, elkarretaratzean parte hartzeko.

Autobusa antolatu dute

Arrasatetik Donostiara joateko autobusa jarriko dute. 16:00etan aterako da Garibaitik eta tiketak zazpi eurotan egongo dira salgai Iratin.

Azken ostirala

Manifestazio egunaren bezperarako, biharko, egubakoitza, beste manifestazio bat deitu dute Arrasaten. 19:00etan hasiko da Herriko Plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak