Hirugarren gradua Uribetxeberriari

Goiena 2012ko abuztuaren 17a

Espetxeetako zuzendaritzak Josu Uribetxeberria preso arrasatearrari hirugarren gradua ematea onartu du. Pedraz epaileak hirugarren gradua aplikatzeko aukera aztertzeko eskatu zion atzo Espetxeetako Zuzendaritzari, Uribetxeberriaren diagnostikoa ezagutu ostean. Eta gaur goizean Zaballako espetxeko osasun batzordeak aztertu ditu medikuen txostenak eta presoaren gaixotasun larri eta sendaezinak haren bizitza arriskuan jartzen duela ikusi dute. Bestalde, Gernikako Akordioak dei egin du bihar Bilbon egingo duten elkarretaratzean parte hartzeko.

Horregatik, Josu Uribetxebarriari hirugarren gradua ezartzeko proposamena egin dute eta Espetxeetako Zuzendaritzak proposamen hori onartu egin du gaur arratsaldean.

Presoa baldintzapean aske uzteko lehen urratsa da hirugarren gradua. Espetxeetako Zuzendaritzak baldintzapean aske uzteko proposamena onartu behar du orain. Edozelan ere, azken hitza Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzako epaileak izango du, eta erabakia astelehenera arte atzeratu daiteke, Barne ministroak jakinarazi duenez.

Ainhoa Baglietto Uribetxebarriaren abokatuaren esanetan, ordea, ez dago zergatik astelehenera arte itxaron azkeneko erabakia ezagutzeko.

Elkarretaratzea Bilbon, manifestazioaren ordez

Gernikako Akordioaren sinatzaileek elkarretaratzea iragarri dute biharko, Bilbon. Konponbide garaia da, preso gaixoak kalera lelopean, Euskadiko plazan batzeko deia egin dute 12:00etarako.

Bestalde, Herrirak biharko Bilbon antolatutako manifestazioa bertan behera uztea erabaki du, Pedraz epaileak debekatzeko agindua eman ondoren. Terrorismoaren biktimen elkarteak egindako eskaria onartu du Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta presoen eskubideen aldeko manifestazioa debekatu du, "terrorismoari gorazarre" egin dakiokeela argudiatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak