"Euskal jendarteari zuzendutako gutun baten bitartez, larri gaixo dagoen preso arrasatearrak bere muturreko egoera salatzeko gose grebari ekin dio", jakinarazi du Herrirak, eta bere webgunean presoak idatzitako gutuna zintzilikatu du.
Herrirak honako mobilizazioak deitu ditu: gaur, eguena, eta bihar, egubakoitza, kontzentrazioak Uribetxeberria dagoen Donostia Ospitale aurrean; eta zapatuan, Zurriolatik kale-agerraldia, 17:30ean.
Herrizaingo Sailak aldatu egin du agerraldirako antolatzaileek ezarritako ibilbidea, Donostiako festa ospakizunak "zuzen eta segurtasunez garatzea oztopa ez dezan". Hona hemen Herrizaingo Sailak emandako jakinarazpena:
"Giza eskubide guztiak, euskal presoak Euskal Herrira lelopean, manifestazioa 17:30ean da hastekoa, bat etorriz, hain zuzen ere, Donostiako Aste Nagusiaren hasierarekin. Herrizaingo Sailak ibilbidea aldarazi duen ebazpena igorri dio deitzaileari; hortaz, aldaketak aplikatu ondorengo ibilbidea hauxe da: Sagues, Zurriola pasealekua, Ramón M. Lilí, Santa Katalina zubia, Argentinar Errepublika eta Okendo plaza, María Cristina Hotelaren eta Okendo plazaren artean.
Idazkian jaso denez, ibilaldia aldatu egin da manifestazioak ez dezan topo egin festen ospakizunekin; izan ere, toki eta ordu horietan jaien hasieraz gozatzeko asmoz jendetza bertaratzea espero da, eta horrek egoera arriskutsuak eragin ditzake, bereziki larrialdi zerbitzuek jai eremura sartu behar izanez gero.
"Ibilbidea jakinarazteaz gain, Herrizaingo Sailaren ebazpenak antolatzaileei gogorarazi die uneoro legezkotasuna errespetatu beharko dutela; hortaz, instituzio, alderdi, erakunde eta pertsonak mehatxatu edo beldurrarazteko leloak oihukatu edo horrelakoak dituzten pankartak eramatea debekatuta dago, baita talde terroristak goraipatzen badituzte ere; horrez gain, terrorismoaren biktimak umiliatu, mespretxatu edo haien izen ona zikintzen duen ekintza oro debekatuta dago. Halaber, espresuki gogorarazi die ETA erakunde terroristako presoen argazkiak edo testuak dituzten kartelak edo pankartak erakustea debekatuta dagoela.
Datorren larunbatean ebazpenean jasotakoa betetzea bermatzeko beharrezko baliabideak prest izango ditu Ertzaintzak".