Ustez 500 gasoil litro osteagatik atxilotu dute gizonezko bat

Leire Kortabarria 2012ko abuztuaren 6a

Garagartzan 31 urteko gizonezkoa atxilotu zuten ertzainek zapatu goizaldean, ustez 500 gasoil litro osteagatik. Beste gizonezko batek ihes egin zuen eta haren bila dabiltza.

Bergarako ertzaindegiko ertzainek egin zuten atxiloketa. Arrasaten aparkatuta zeuden zortzi kamioien deposituetatik 500 gasoil litro ostea egozten zaio gizonezko horri.

Herritar batzuek deitu zuten, furgoneta susmagarria eta bi gizonezko, itxuren arabera gasoila osten zebiltzala ikusi zituztenean.

Ertzainak hara ailegatu zirenean, furgoneta inguruan manta baten azpian bere burua ezkutatzen zebilen gizonezkoa atzeman zuten. Ertzainak ikusterakoan, haren ustezko konplizeak mendirantz egin zuen ihes. Ertzaintzaren arabera, bi gizon haiei "gasoil usan handia" zerien. Furgonetan, ustez gasoila osteko erabili zuten enbutua topatu zuten ertzainek.

Gizonezkoa identifikatu zuten eta kamioien aparkaleku gunea aztertu zuten ertzainek. Ibilgailuen artean, hamar bat bidoi topatu zituzten, gasoilez beteta: denetara, 500 litro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak