Manifestazioaren buruan Inazio Azkarraga-Urizar Arrasateko alkatea edota Jabi Uribetxeberria, Josuren anaia.
Aurpegi ezagunen artean, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Joseba Permach, Pernando Barrena edota Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideak, eta baita Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaia ere. Edota Aralarreko batzarkide Rebeka Ubera.
Manifestazioaren amaieran testu bat irakurri dute Inesd Osinaga Goseko abeslariak eta Mariasun Pagoaga aktoreak.
Herrirak datozen egunetarako hainbat ekimen iragarri ditu:
Hurrengo egunetan, mobilizazioak
Martitzenean, abuztuak 7, hamalau orduko mobilizazioa egingo dute Donostiko ospitalean (hantxe da-eta Josu Uribetxeberria, Leongo Mansilla kartzelatik oraingo astean ekarri ostean), goizeko 10:00etatik gaueko 12ak arte.
Eguaztenean, eguenean eta egubakoitzean, elkarretaratzeak egingo dituzte ospitalearen aurrean, 11:00etatik 12:00etara, eragile sozial, politiko eta sindikalekin batera.
2005etik minbizia
Josu Uribetxeberriari 2005ean diagnostikatu zioten minbizia, eta, horregatik, giltzurrun bat kendu. "Handik bi urtera, Espainiako Gobernuak ukatu egin zion gaixotasun larriagatiko behin-behineko askatasuna, eta, horrela, heriotzara kondenatu zuten" diote Herrirakoek.
"Osasuna okerragotu"
"Zazpi urteotan kartzelak osasuna okerragotu dio Josuri. Nola ez! Gaixotasuna diagnostikatu eta gero, bere ospitaletik ehunka kilometrora urrundu zuten, baldintza okerragoak ezarri, konfiantzako medikuengandik urruti eta behar bezalako osasun jarraipenik gabe".
"Euskal gizarte osoari deia"
Herrira elkarteak "euskal gizarte osoari egin dio deia, erakunde politiko, sindikal eta sozial guztiei, datorren astean Donostiako ospitalera joan daitezen gaixotasun larria duten hamalau presoen askatasuna eskatzera.
Donostiako ospitalean
Uribetxeberria, gaixo dagoela-eta, Zaballako kartzelara ekarri du Espainiako Gobernuak, eta handik zuzenean Donostiako ospitalera.
Ortega Lara bahitzearren
Ortega Lara bahitzearren eta Arrasateko fabrika bateko zulo batean 532 egun edukitzearren atxilotu, epaitu eta zigortu zuten Josu Uribetxeberria. Beste debagoiendar batzuk ere atxilotu, epaitu eta zigortu zituzten bahiketa harengatik.