Gaur itxiko dute Ceciaga

Leire Kortabarria 2012ko uztailaren 30a

Arrasateko komertzio ezagunenetariko batek, Ceciaga mertzeriak, gaur esango die agur herritarrei. 104 urte eta gero, otsailean iragarri zuen Zeziaga familiak itxi egingo zuela, Rosarito Zeziaga erretiratu egingo delako. "Triste eta pozik" sentitzen direla onartu digute Rosarito eta Loli Zeziaga ahizpek eta Marimar Martin eta Ines Gardoki saltzaileek.

Lan egun normal-normala, ohikoa balitz moduan hartu dute gaurkoa Ceciaga dendakoek. "Pentsatu genuen jaialditxo bat-edo egitea, baina, musikarekin-eta, negar-malkoak irtengo zitzaizkigula konturatu ginen", dioskute. Horregatik, ezer berezirik ez antolatzea erabaki zuten.

Hala ere, jendea akordatu da eurekin. Opariak eta guzti izan dituzte: esaterako, lore-sorta ederra, eskaparatean daukatena. Urte askoan lankide izan duten saltzailea ere bisitan joan zaie gaur.

Bihar, Rosarito Zeziaga oraindik dendara joango da, azken garbiketa-eta egitera, baina ez da bezeroendako zabalik egongo.

"Beste etapa bat"

Triste daude lau emakumeak; baina, aldi berean, pozik ere bai, orain denbora libre gehiago izango dutelako: paseatzera irteteko, familiarekin egoteko eta beste hamaika gauza. "Orain, beste etapa bat hasten da", esan digute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak