Josu Uribetxeberriaren egoera larriak eskatzen duen "salaketa eta erantzun bateratua" bilatuko du Etxeratek ondorengo egunotan

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko uztailaren 28a

Josu Uribetxeberria preso arrasatearraren egoera larriaz ohartarazi nahi izan dute beste behin gaur Arrasaten. Etxeratek egin du gaixotasun larria, minbizia hain justu ere, duen presoa berehala aske uzteko aldarria, eskakizuna. Horretaz gain, ondorengo egunotan, alderdi politikoekin erronda bat egingo dutela iragarri dute, "egoera larri honek eskatzen duen salaketa eta erantzun bateratua bilatzeko". Bestalde, EAEko eta Nafarroako Arartekora joko dute eta euskal gizarteari begira ere, hainbat ekimen egingo dituzte,a aurreratu dute. Besteak beste, Jabi Uribetxeberria, preso arrasatearraren anaia izan da prentsaurrekoan.

Prentsaurrekoan Josuren anai, Jabier Uribetxebarria, eta Etxerat elkarteko Mattin Troitiño eta Izaskun Abaigarrek hitz egin dute.

Hona hemen gaurko prentsaurrekoan adierazitakoa, hitzez hitz:

"Duela 9 egun Josu Uribetxeberria euskal preso politikoa Leongo ospitalean ingresatu zuten. Epealdi motza izan arren, Etxeraten alarma guztiak piztu zituen, pasa den eguaztenean Donostian eginiko prentsaurrekoan adierazitako kezkak erakutsi zuen bezala. Gure senide presoei ezartzen zaizkien salbuespeneko neurriek, euren eskubideen urraketa jarrai eta sistematikoak beraien eta gure sufrimendua besterik ez dute bilatzen. Orain artean azaldu dugun ezinegona eta kezka egun, guztiz justifikatuak daudela badakigu. 

2005eko apirilean, Josuri giltzurruneko minbizia diagnostikatu zioten. 2006ko abenduan, legean onartua dagoen baldintzapeko askatasuna eskatu zen, bere gaixotasun larri eta sendaezina dela eta. 2007ko uztailan askatasun eskaera horren ukapena jakinarazten diote. Espetxe politikaren makinaria martxan zegoen jada.

7 urte hauetan zehar, hasierako diagnostikoa egin ziotenetik, espetxeak bere gaixotasunean izandako eraginak bere egungo osasun egoera okertu du. Bi nodulu topatu berri baitizkiote, bata buruan eta bestea birikietan. Honek ezin egoera larriago batean kokatzen gaitu: Josu heriotza zigorrera zigortu dute.

Horregatik, eta ez beste ezergatik, ukatu zioten baldintzapeko askatasuna, espetxeko bizi baldintzetan mantendu zuten eta osatzea galarazi zioten. Helburu honekin, legeak baztertu zituzten eta  eskubideak urratu zituzten. Helburu honekin eta horretaz oso jakitun izanik gainera.

Ez dugu inor bere arduretatik salbuetsiko: ez espetxe politika hau diseinatu zutenak, ez betearazten dutenak, ez eta beraren konplizeak direnak ere. Ez dugu egingo eta ezin dugu egin, Josu bezala, gaixotasun larri edo sendaezinengatik kalean egon beharko luketen beste 13 senide, espetxean mantentzen dituztelako. Hori da, hain zuzen, exijitzen duguna: Josu Uribetxeberriaren berehalako askatzea eta, berekin batera, beste 13  preso gaixo larrien askatzea.

Datozen egunotan alderdi politikoekin erronda burutuko dugu egoera larri honek eskatzen duen salaketa eta erantzun bateratua bilatzeko. EAEko eta Nafarroako Arartekora joko dugu ere. Berdin egingo dugu euskal gizarteari begira, denon artean arduraz eta determinazioz erantzuteko: inoiz ez zelako justifikaziorik egon, eta aitzakiak amaitu direlako. Inoiz errepikatu behar ez delako: gure senide preso gaixoak etxera orain!.

Estatu espainolari galdetu nahi eta beharko genioke: Josurekin egindakoa, beste guztiekin egin nahi al du? Zein helbururekin? Zeren eta zeinen interesen mesedetan?". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak